Nortzuk gara

SORTZEN Elkartea sare publikoko ikastetxeak bere osotasunean hartzen dituen erakundea da, hau da, bertan eskola komunitateko kide guztiek dute lekua eta parte hartzeko erantzukizuna: irakasleek, gurasoek, eskola-langileek eta ikasleek. Egun, Nafarroako, hainbat ikastetxe, guraso elkarte eta eskola-kide ari da Elkartean lanean.

Denok lagundu behar dugu guztiona den proiektu honetan, denon parte hartzea beharrezkoa baita, helburu dugun Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzeko:

  • Euskalduna eta eleanitza.
  • Autonomoa, pedagogian zein kudeaketan.
  • Langileen iraunkortasuna eta finkotasuna bermatuko duena.
  • Demokratikoa zinez, zeinean eskolako partaide guztiek (ikasleek, gurasoek eta langileek)
    aukera duten, proiektuan eta kudeaketan eragiteko eta erabakiak hartzeko.
  • Kalitatea ardatz duena, laikoa, hezkidetzan oinarritua, integratzailea; eta diskriminazio mota guztiak bazterturik, balioen.
  • Hezkuntzan oinarritua.
  • Doakoa benetan eta pedagogia berrikuntzan aitzindari.

Egun Nafarroa Garaia da gure eragin gune nagusia, baina, Euskal Herriko gainontzeko eragile eta ikastetxeekin ere elkarlanean ari gara. Sortzen elkartean, “Euskaraz Mintza” eta “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” hizkuntza-proiektuak antolatzen ditugu, horrekin batera, euskararen normalkuntza ardatz duten ekimen ugari antolatzen ditugu ere, eskolekin eta irakasle eta langileekin elkarlanean

Egun, Nafarroa Garaiko 50 ikastetxe inguru ari dira gurekin lanean, eta dauden eginbeharrak handiak bezain ederrak dira. Hortaz, zerorrek ere lagun dezakezu guztiona den proiektu honetan.

Gure eginbeharrak, lau hitzetan:

  • Euskararen normalkuntzak du lehentasuna Sortzenen, eta ildo horren baitan hainbat ildo jorratzen ditugu: Nafarroa osoko auzo eta herrietan euskaraz ikasi eta bizitzea bermatzeko lanean ari gara. Ikale euskaldun eleaniztunak sortzeko proiektua landuz eta ofizialtasunaren aldeko dinamikak sustatuz euskalgintzarekin elkarlanean.
  • Irakaskuntzako gainerako eragileekin batera, Hezkuntza Sistema propioa lortzearen alde lan egitea, aurretik nahi dugun eredua guztion artean zehaztuta, etorkizuneko eskola publiko berria eraikitzeko.
  • Koordinazio eza eta helburu komunen sakabanaketa berezko ezaugarri dituen Eskola Publikoan, ikastetxeak biltzen dituen sektore guztien elkarlana ahalbideratzea, alegia, irakasleen, gurasoen, ikasleen eta bestelako langileen arteko elkarlana; horretarako, eskola-komunitate osoko kideak Elkarte bakar batean biltzen ditugu, helburu komunen atzetik.
  • Ikastetxeen autonomia iparra izanik, bere proiektua garatzeko beharrezko dituen eskumenak lortzeko urrats berriak ematea.

Historia

Milurte berriarekin batera SORTZEN-IKASBATUAZen eratze batzarra egin zen urtarrilaren 22an Donostiako Miramar Jauregian, Nafarroako SORTZEN eta EAEko IKASBATUAZ elkarteak bateginik.

Nortzuk gara?

Bi talde hauen sorrera atzetik dator. SORTZENek 1991ean ekin zion bere bideari Hernanin egindako bilera batean, non hezkuntza munduko sare ezberdinetako jendea bildu zen , denok Euskal Eskola Publiko Berria leloaren inguruan.

Bi urte beranduago EAEko hainbat ikastola publifikatu ondoren IKASBATUAZ sortu zuten; ordurako SORTZEN Nafarroako eskola publikoen inguruko elkarte bilakatua zen.Beraz, 91n abiatutako prozesuari esker, Nafarroako Sortzen-ek eta EAEko lkasbatuaz-ek, bi errealitate bihurtuta, bat egin dugu Sortzen-Ikasbatuaz Elkartea sortuz. Euskal Eskola Publiko Berriaren alde, helburu eder hori gauzatze aldera, indarrak bilduz, lanean jarraitzen dugu.

2012an gogoeta prozesu batean murgildu ginen eta, beste kontuen artean, berriz SORTZEN izena berrezkuratzea erabaki genuen.

Etorkizun hurbilari begira

  • Gure etorkizuneko asmotan dugun lehen erronka, gure proiektua Euskal Herria osoan ezagutzera eman eta ikastola-eskola publiko euskaldunen indar metaketa lortzea da.
  • Gaur egungo administrazio egiturak eragiten duen zatiketaren gainetik eman nahi ditugu gure urratsak. Hiru administrazio desberdinen araupean gauden eskola publiko euskaldunak bildu eta elkarlanerako aukera emango digun egituraketa sendotu nahi ditugu.
  • Honetarako ikastetxe publiko euskaldunei gure proiektua eta asmoak ezagutarazteko konpromisoa hartzen dugu, etorkizuneko Euskal Eskolaren ereduaren zutabe izan nahi duen Euskal Eskola Publiko Berriaren helburuekin bat egiten duten eskola eta ikastola publikoen elkarlana gauzatuz.