Nafarroa Garaian aurrematrikulazio epea martxoaren 18tik 22ra izango dela iragarri zuen Hezkuntza Departamenduak. Nafarroa Garaiko familiek belaunaldi berrien etorkizunari begira erabaki garrantzitsuak hartzeko unea dugu hau. Besteak beste, zein hizkuntzatan ikasiko duten eskolatzeko adinean dauden Nafarroako haurrek. 

Aurtengo kanpainaren mezua, Nafar jendarte osoari eta bereziki jatorri migratua duten familiei helarazi nahi diegu.  Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatua dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, guztion ardura baizik. Funtsezkoa da harrera egokia egitea, kulturartekotasuna landuz, elkarrekin aberastuz. Errealitatea oso bestelakoa da, sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura bidean, izan ere, A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik eman gabe. Bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste dugu eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie. 

Aurten Sortzen elkarteak eta NIZEk elkarlanean jatorri migratua duten familiei gure eskua luzatu eta elkarrekin urrats bat egin nahi dugu, euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu. Badakigu lan sakona dagoela egiteko, eta hau soilik lehenengo urratsa da, baina lanean jarraituko dugu. Jatorri migratuko familia asko eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, gainera, Nafarroako herritarroi oraindik ere, hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu. 

Guk komunitate migratuekin elkarrekin aritu nahi dugu, gure errealitatea aberastuz, esan bezala integrazioa elkarrekintzan egiten baita. Euskara ez da hizkuntza bat soilik, hori baino gehiago da, euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea dakar, euskara inklusiorako eredua da: besteak beste, euskarak gehitu egiten duelako, batzen gaituelako, jakintza gehiago eta mundu ikuskera berri bat ematen digulako.  

Hizkuntzaren hautuak Nafarroako haurren etorkizunean izugarrizko garrantzia dauka, familiek aukeratzen dugun hizkuntzaren arabera belaunaldi berrien geroa ezberdina izango baita. Azken urteotan hezkuntza komunitateak lan handia egin du euskarak bere tokia har dezan. Aurtengo kanpainaren leloarekin “Euskara ON! Euskara piztu! euskara denon bizitzak argiztatu, piztu ditzan nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu.

Kanpaina honetarako San Frantzisko eskolako hainbat gurasoekin bideoak grabatu ditugu. Bertan haien erabakiaren inguruan hitz egiten dute, izan zituzten zalantzak partekatu eta esperientzia nolakoa izaten ari den azaltzen digute. ESTEKA

Amaitzeko, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara. 

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu. 

NIZE ETA SORTZEN