Nafarroan eta Iruñerrian diru publikoarekin finantzatutako hezkuntzako bi sare izateak (publikoa eta itundua) ikasleen segregazioa handitzen duela jakina da, urteroko matrikulazio datuek hala adierazten dutelako. Honek ikastetxeen guettizazioa eragiten du sare publikoaren barnean. Baina sare publikoaren barne ere segregazioa agerikoa da, gaur egun D eredua ez baita oraindik gure auzoen eta hiriaren errealitatearen isla. Proiektuak biltzen dituen kolektibo, eskola eta elkarteok, errealitatean existitzen diren harrakaletaz jabeturik, urteak daramatzazkigu ikuspegi antiarrazista eskola publiko euskaldunean txertatzeko lanean. Irmoki sinisten dugu dibertsitatea hezkuntzaren erdigunean kokatuko duen D eredu publikoan, ikasgela barruan nahiz kanpoan. Denok sar gaitezkeen D eredu publikoan
sinisten dugu.
Hezkuntza sistema honek, hezkuntza; eskubide bat izan behar dena, gizartean existitzen diren desoreken birprodukzio bihurtzen du. Alde batetik jatorriaren arabera batzuen etorkizuna baldintzatuz eta bestetik, diglosia egoera honetan euskara are gehiago txokoratuz.
Eskola benetan parekidea eta inklusiboa izan dadin, bakoitzaren jatorria kontuan hartu gabe, informazio guztia denontzat irisgarria izan behar da. Hau ez da bakarrik aurrematrikulazio kanpainen bidez egiten, pauso gehiago ematera behartzen du, egiturazko aldaketa eta benetako konpromezuak exijituz. Jakina da Hezkuntza Departamentuak herritar orok euskaraz ikasteko dugun eskubideren berri emateko ez duela kanpaina espezifikorik egiten. Argi dago oraindik eskola irekiago bat sortzeko berebiziko garrantziaz ez direla konziente, existitzen diren harrakalak birprodizitzeari utziz eta guettifikazioak ekidituz, ondorio hauek
islatzen baituzte jatorri eta ereduen araberako matrikulazio ehunekoek. Laburbilduz, jatorri migrantea duten haurren etorkizuna txikitatik faktore askorengatik baldintzatuta geratzen da, bere jatorriarengatik besteak beste, eskolara sartzen denetik eta gutxinaka gutxinaka euskara eta jatorri migranteko pertsonen arteko pareta bat altxatuz.
Euskal eskola publikoak, geure buruari so eginez, gure gizartean ematen den arrazakeriari aurre egin nahi dio, hausnarketa kontzientea eginez eta eskola mailako eskuhartzea sustatuz.
Testuinguru honetan, “Denon eskola, guztiondako euskara!” mezuaren lelopean, egiturazko arrazakeria plazaratu nahi dugu, eta eskolaren bidez honi erantzuna eman nahi diogu. Gure auzoetako bizilagun guztiei gure hizkuntza kuttuna ikasteko aukera zabaldu nahi diegu eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahi dugu.
Xede horri jarraikiz, eskola komunitatean eragiteko helburua dugu, auzoz auzo eragile ezberdinekin elkarlanean arituz. Norabide honetan eskolen arteko sarea sustatzen ari gara, eskolen artean arrazakeriari aurre egiteko hausnarketak eta tresnak partekatuz. Izan dadila euskara denon eskubidea!