Kategoriak
Berriak Sin categoría

D EREDUA AUKERATU: GUZTIONDAKO ESKOLA!

Nafarroa Garaian aurrematrikulazio epea martxoaren 17tik 21ra izango dela iragarri zuen Hezkuntza Departamenduak. Nafarroa Garaiko familiek belaunaldi berrien etorkizunari begira erabaki garrantzitsuak hartzeko unea dugu hau. Besteak beste, zein hizkuntzatan ikasiko duten eskolatzeko adinean dauden Nafarroako haurrek.


Aurtengo kanpainaren mezua, Nafar jendarte osoari eta bereziki jatorri migratua duten familiei helarazi nahi diegu. Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatua dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, guztion ardura baizik. Funtsezkoa da harrera egokia egitea, kulturartekotasuna landuz elkarrekin aberastuz. Errealitatea oso bestelakoa da, sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura bidean, izan ere, A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik
eman gabe. Bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste dugu eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie. Aurten Sortzen elkarteak jatorri migratuko familiei gure eskua luzatu eta elkarrekin urrats bat egin nahi dugu, euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu. Badakigu lan sakona dagoela egiteko, eta hau soilik lehenengo urratsa da baina lanean jarraituko dugu. Jatorri migratuko familia asko eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, gainera, Nafarroako herritarroi
oraindik ere, hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu.


Guk komunitate migratuekin elkarrekin aritu nahi dugu, gure errealitatea aberastuz, esan bezala integrazioa elkarrekintzan egiten baita. Euskara ez da hizkuntza bat soilik, hori baino gehiago da, euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea dakar, euskara inklusiorako eredua da: besteak beste, euskarak gehitu egiten duelako, batzen gaituelako, jakintza gehiago eta mundu ikuskera berri bat ematen digulako.

Hizkuntzaren hautuak Nafarroako haurren etorkizunean izugarrizko garrantzia dauka, familiek aukeratzen dugun hizkuntzaren arabera belaunaldi berrien geroa ezberdina izango baita. Azken urteotan hezkuntza komunitateak lan handia egin du euskarak bere tokia har dezan. Aurtengo kanpainaren leloarekin “D eredua aukeratu, Guztiondako Euskara ! euskara denon aukera izan dadin nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu.

Kanpaina honetarako Sanduzelaiko eskolako hainbat ikasleekin bideoak grabatu ditugu. Bertan haien egunerokoaren inguruan hitz egiten dute, D ereduko eskola publikoko ikasteak, euskarak eskaintzen dien aukerak eta esperientziak nolakoa izaten diren egunerokoan azaltzen digute euskaraz. ESTEKA.

Amaitzeko, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara.

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu.

Kategoriak
Sin categoría

DENON ESKOLA, GUZTIONDAKO EUSKARA

Nafarroan eta Iruñerrian diru publikoarekin finantzatutako hezkuntzako bi sare izateak (publikoa eta itundua) ikasleen segregazioa handitzen duela jakina da, urteroko matrikulazio datuek hala adierazten dutelako. Honek ikastetxeen guettizazioa eragiten du sare publikoaren barnean. Baina sare publikoaren barne ere segregazioa agerikoa da, gaur egun D eredua ez baita oraindik gure auzoen eta hiriaren errealitatearen isla. Proiektuak biltzen dituen kolektibo, eskola eta elkarteok, errealitatean existitzen diren harrakaletaz jabeturik, urteak daramatzazkigu ikuspegi antiarrazista eskola publiko euskaldunean txertatzeko lanean. Irmoki sinisten dugu dibertsitatea hezkuntzaren erdigunean kokatuko duen D eredu publikoan, ikasgela barruan nahiz kanpoan. Denok sar gaitezkeen D eredu publikoan
sinisten dugu.


Hezkuntza sistema honek, hezkuntza; eskubide bat izan behar dena, gizartean existitzen diren desoreken birprodukzio bihurtzen du. Alde batetik jatorriaren arabera batzuen etorkizuna baldintzatuz eta bestetik, diglosia egoera honetan euskara are gehiago txokoratuz.


Eskola benetan parekidea eta inklusiboa izan dadin, bakoitzaren jatorria kontuan hartu gabe, informazio guztia denontzat irisgarria izan behar da. Hau ez da bakarrik aurrematrikulazio kanpainen bidez egiten, pauso gehiago ematera behartzen du, egiturazko aldaketa eta benetako konpromezuak exijituz. Jakina da Hezkuntza Departamentuak herritar orok euskaraz ikasteko dugun eskubideren berri emateko ez duela kanpaina espezifikorik egiten. Argi dago oraindik eskola irekiago bat sortzeko berebiziko garrantziaz ez direla konziente, existitzen diren harrakalak birprodizitzeari utziz eta guettifikazioak ekidituz, ondorio hauek
islatzen baituzte jatorri eta ereduen araberako matrikulazio ehunekoek. Laburbilduz, jatorri migrantea duten haurren etorkizuna txikitatik faktore askorengatik baldintzatuta geratzen da, bere jatorriarengatik besteak beste, eskolara sartzen denetik eta gutxinaka gutxinaka euskara eta jatorri migranteko pertsonen arteko pareta bat altxatuz.


Euskal eskola publikoak, geure buruari so eginez, gure gizartean ematen den arrazakeriari aurre egin nahi dio, hausnarketa kontzientea eginez eta eskola mailako eskuhartzea sustatuz.

Testuinguru honetan, “Denon eskola, guztiondako euskara!” mezuaren lelopean, egiturazko arrazakeria plazaratu nahi dugu, eta eskolaren bidez honi erantzuna eman nahi diogu. Gure auzoetako bizilagun guztiei gure hizkuntza kuttuna ikasteko aukera zabaldu nahi diegu eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahi dugu.

Xede horri jarraikiz, eskola komunitatean eragiteko helburua dugu, auzoz auzo eragile ezberdinekin elkarlanean arituz. Norabide honetan eskolen arteko sarea sustatzen ari gara, eskolen artean arrazakeriari aurre egiteko hausnarketak eta tresnak partekatuz. Izan dadila euskara denon eskubidea!

Kategoriak
Sin categoría

Irrikurri

Kategoriak
Berriak Sin categoría

URRIAK 29an GREBARA

Urriak 29-ko grebara begira sindikatuek Guraso elkarteen atxikimendua eskatu dute. Pasa den irailako grebaren ondorioz Hezkuntza Departamentuak proposatutako eskaintza ez da nahikoa ratioen jaitsi, soldaten igo eta lan gainkarga eteteko, beraz sindikatuek aurrera egin dute urriak 29-ko grebarekin.

Greba honetarako Guraso elkarteen atxikimendua eskatu da. Horretarako, kartelean agertzen den QR-an sar zaitez.

Kategoriak
Berriak Sin categoría

EUSKARAZKO AISIAREN ZABALPENA 

24-25 ikasturtean Sortzen Elkartetik abiatu den komunikazio kanpainaren baitan, “Zer irakurri?”, “Musikasten” eta “Aste honetan elkarrekin egiteko 2 jarduera” argitalpenak gauzatuko dira elkartearen komunikazio bideetatik. Kanpaina hau Euskararen Normalizazio Planaren (ENP) baitan txertatzen da. Izan ere, Iruñerrian, aisia aukera gehienak erdarara bideratuta daude defektuz. Erdarak askoz baliabide ekonomiko, logistiko eta komunikatibo gehiago ditu aisia orohar, kultur, arte eta kirol eragile ezberdinetan, izan pribatu, publiko, zein irabazi-asmorik gabekotan. Aisian, euskara hutsean, modu dinamizatuan eta murgiltzean oinarritutako aukera eta zirkuituen zabalpena momentuko erronka nagusienetako bat da. Euskararen normalizazioaren bidean, aisiak umeen motxila euskarazko esperientziekin betetzeko aukera uzten digu.

 Horretarako, habiapuntuetako bat euskaraz egin daitezkeen aisialdi jardueren berri ematea izan daiteke.Hauek erabilgarriak izango dira gurasoek seme-alabekin euskeraz jarduteari begira tresna gehiago eskuragarri izan ahal izateko. Sortzen Elkarteak hauen berri emateko ardura izango du eta, ahal den heinean eta dagokionean, gainontzeko agenteek, guraso elkarte eta zuzendaritzek zabaltzea eskertuko lizateke.

  • Zer Irakurri?: Bi astetan behin zabalduko diren seme-alabentzat bideratutako irakurketa gomendioak dira; Sortzen Elkarteko sareetatik berri emanen direnak; Instagram, Facebook eta X (Twitter).
  • Musikasten: Bi astetan behin zabalduko diren seme-alabekin batera, haien kabuz edo gurasoek entzun dezaketen musika gomendioak dira; Sortzen Elkarteko sareetatik berri emanen direnak; Instagram, Facebook eta X (Twitter).
  • Azkena, asteero, astean zehar seme-alabekin egin daitezkeen 2 jarduera ezberdinen gomendioen publikazioak dira. Batzuk Nafarroan dagoen euskal agendatik ateratakoak izango dira eta beste gutxi batzuk urte osoan burutu daitezkeenak. Hauek Sortzen Elkarteko sareetatik berri emanen dira ere; Instagram, Facebook eta X (Twitter).

Euskaraz bizi eta gozatu dezagun!