Kategoriak
Berriak

FORMAKUNTZA : Hezkuntza digitala

Hezkuntza digitalari buruzko bi saio berri antolatu ditugu, bi gai konkretuen inguruan: Sare sozialak eta osasun mentala, eta Ziberjazarpena.

Otsailaren 2an eta otsailaren 23an Sanduzelaiko Civivoxean burutuko dira, arratsaldeko 17:30ean.

Sare sozialak eta osasun mentala:  Sare sozialen erabilera eta bertan ikusten duguna gure osasun mentalean izan ditzakeen ondorioak ikusiko ditugu: autoestima jeitsiera, ansietatea, depresioa, elikadura nahasteak… Sare sozialen negozio eredua ikertuko dugu, haien algoritmoak eta horiek dituzten ondorioak landuko ditugu: polarizazioa, desinformazioa, adikzioa eta edertasun kanonak. Gehiegizko erabilera eta adikzioa nola detektatu ditzakegun ikusiko dugu, eta laguntza eskatzeko irizpideak eskeiniko dira.

Ziberjazarpena: Bortizkeria digitala, mota desberdinak eta ezaugarriak. Ziberjazarpenean noiz bihurtzen den, nola eta zergatik ematen den, biktimentzako ondorio psikologikoak eta erasotzaileentzako ondorio penalak. Aurre egiteko eta prebentzioa lantzeko irizpideak.

Izena eman ondoko inprimakian: https://labur.eus/hezkuntzadigitala2 

Kategoriak
Berriak

Jolas eta jostailu ez sexistak

Jolasa ikasteko egoera naturala da, jolas desberdinek zenbait gaitasunen garapena errazten dute, eta jostailuak jolasa aberasteko baliabideak dira. Jostailuek izugarrizko garrantzia dute haurren hezkuntza prozesuan. Haurtzaroan, jolasa da ezagutzarako, ikasketarako eta adierazpenerako bide nagusia.

Jolasaren bidez haurrak bizi diren jendartearen arauak eta portaerak ikasten dituzte. Jostailuak berez, ez dira onak edo txarrak, hauen egokitasuna ematen diogun erabileraren araberakoa izango da. Jolasten edo jostailu desberdinak erabiltzen, haien sexu biologikoari inposatzen zaizkien ezagugarriak ezagutuko dituzte haurrek. Ondorioz generoaren araberako erabilerak, estereotipo sexistak barneratu, birproduzitu eta iraunaraztea eragiten du.

Hau dela eta, heziketarako tresna garrantzitsua den momentutik, ezinbestekoa da eskaintzen, onartzen edo indartzen ari garen ereduen analisi kritiko bat egitea. Jostailuak aukeratzeko irizpideak:

  • Jostailu bat aukeratzerakoan, umearen adina eta gaitasunak kontuan hartu.
  • Umearen ekintza, irudimena eta gaitasuna sustatzen duten jostailuak aukeratu.
  • Jostailu ezberdinak konbinatu.
  • Jendarte elkarrekintza eta, batez ere, elkarrekintza kooperatiboa sustatuko duten jostailuak, bakarrik jolasteko aukera emango dieten jostailuekin konbinatu.
  • Jostailu anitzak sexu bietan, rol sexistak tipifikatzen ez dituztenak, eta jarrera bortitzak bultzatzen ez dituztenak (jostailu belikoak) aukeratu.
  • Interesgarriak, erakargarriak eta atseginak diren jostailuak. Jostailu ziurrak.

Gehiago jakin nahi? Deskargatu gure gida hemen

Kategoriak
Berriak

Euskara Antzokira 2023

Urtero bezala Sortzenek Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko elkarteak ” Euskara Antzokira” ekimena antolatu du maiatzaren 20an, arratsaldeko 17:00etan Antsoainen.

Sortzenek lehentasunez lantzen duen ardatza dugu euskara. Gure eguneroko jardunean euskaren normalizazioaren bidean lanean dihardugu, euskalgintzarekin, eta euskal hezkuntzagintzan lanean ari diren eragileekin elkarlanean. 

Euskarari hauspoa ematea helburu duten ekimen ezberdinak lantzen ditugu ikasturtean zehar eta “Euskara Antzokira” garrantzi berezia dauka guretzat. Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dugun ekimena baita.

“Euskara Antzokira” ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea da. Horretarako, Ezkaba, San Frantzisko, Irain, Eunate, Amaiur, eta Bernart Etxepare eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eta Antsoaingo antzokiko eszenatokian aurkeztuko dizkigute.

Denetarik egonen da: antzerkiak, bertsoak, dantzak eta kantak, eta dena EUSKARAZ.. Sarrerak  Antsoaingo udalaren web orrian aurkituko dituzue, maiatzaren 9tik aurrera: https://es.patronbase.com/_AnsoainEu/Productions . Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea dugu xede. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu nahi dugu.

Emanaldia bukatzerakoa, 18:30ak inguru, SORTZEN TONBOLA burutuko dugu Antsoaingo plazan (Ezkaba eskolako patioan eguraldi txarra egiten badu), bertan salduko dira tiketak goiz guztian zehar. Gure laguntzaileai esker, opari pila ditugu: bazkariak, eskalada saioak, diskak, kamixetak, liburuak… ez galdu aukera eta gerturatu zaitez!

Esker bereziak gure laguntzaileei, haiek gabe ezinezkoa izango zen:

  • AEK
  • Bihatz
  • Elhuyar
  • Errigora
  • Herriko Taberna
  • IKA
  • Irrisarriland
  • Karrikiri
  • Laba
  • Salting
  • Sorioneku

Animatu eta parte hartu!!

Kategoriak
Berriak

Leringo 19 familiak herriko eskolan euskarazko lerroa irekitzea eskatu dute

Familiek salatu dute 2022ko azaroan Nafarroako Hezkuntza Departamentuari D eredua eskatuz egindako instantziek ez dutela erantzunik jaso.

Behatokia eta Sortzen Udalarekin harremanetan jarriko dira, ikastetxe ondoko lokal hutsak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan eskatzeko.

Haurrek Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu dute, gizarte justuago eta berdinzale baten alde.

2023ko martxoaren 9a

Gaur Leringo hainbat familia elkartu gara Udaletxe plazan, herriko haurrek eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratzean. Iazko azaroan egin genuen bezala, gaur goizean Hezkuntza Departamentuari Leringo Doña Blanca de Navarra eskola publikoan euskarazko D ereduko lerroa irekitzea eskatzeko Leringo haurren familiek instantziak erregistratu nahi izan dituzte eskolan, baina honetan ez dituzte eskaerak jaso nahi izan. Ondorioz, zuzenean Hezkuntza Departamentuan erregistratuko dira berriz. Azaroan egin ziren eskariak eta gaur aurrematrikulazio epearen barruan egin nahi zirenak kontuan hartuz, jada herriko 19 familiek eta horietako 25 haurrek egin dute D ereduaren aldeko eskaria.

2022ko azaroan, euskarazko irakaskuntza eskatzen zutenek legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua aise gainditu arren, martxoaren 7an ireki zen aurrematrikulazio epean, gurasoei ez zaie eman Doña Blanca de Navarra ikastetxean D eredua hautatu nahi dutela adierazteko aukerarik. Are gehiago, gaur gaurkoz ez dute azaroan sartutako instantzien erantzunik izan, eta Sortzen guraso elkarteak Eskola Kontseiluan eskatutako azalpenen bidez jakin izan dute 2023-2024 ikasturterako Hezkuntza Departamentuak ez duela asmorik D ereduaren irekieraren alde ezer egiteko. Izan ere, Eskola Kontseiluan Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak egindako adierazpenen arabera, oraingoan ikastetxean espazio falta dagoela baino ez da argudiatu, eta familiei ez diete dagozkien txosten teknikorik helarazi ez eta irtenbideak aztertzeko inongo asmorik azaldu.

Egoera honen aurrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Sortzen Guraso Elkartea Udalarekin harremanetan jarriko dira, D eredua ez irekitzeko arazoa espazio faltan izango balitz, Udalak hutsik dituen ikastetxe ondoko eraikin eta lokalak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan eskatzeko.

1986ko “Euskararen Legeak” ezarritako eremu “misto” eta “ez-euskaldunetako” herrietan horrelako egoerak urtero errepikatzen hasi diren heinean, dei egiten diegu Nafarroako Gobernuko arduradunei euskarazko irakaskuntza bultzatzen hasi daitezen eta dauden oztopoak ezabatzeko beharrezko bitarteko guztiak martxan jar ditzaten. Izan ere, aipatu legeak berak zehazten du, 25. artikuluan, ikastetxe publikoetan «eskariaren araberako irakaskuntza euskaraz emateko lerroak» sortuko direla, eta euskaraz irakatsiko zaiela «hala eskatzen duten ikasle guztiei, eskolatzearen amaieran hizkuntza horren ezagutza-maila nahikoa lor dezaten».

Mendigorrian eta Larragan euskararen haziak landatzea lortu den bezala, Lerinen zein Nafarroako gainerako herri guztietan haurrek hezkuntza publikoan Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, gizarte justuago eta berdinzale baten alde.

Kategoriak
Berriak

ETORKIZUNA EUSKARAZ

Urtero bezala,  Sortzenek bere mezua helarazi nahi dio Nafar jendarteari eta haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Aurrematrikulazio garaia iritsi da, baina, berotu ditugu motorrak dagoeneko eta aurre lana egina dugu. Izan ere, Nafarroako euskalgintza eta Hezkuntza komunitatea elkarlanean “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA” kanpaina burutu dugu aurreko asteetan. Euskararen aldeko esaldi ugari zabaldu ditugu lau haizetara, euskarak batzen gaituela irudikatuz eta euskara erdigunera ekartzeko asmoz.

Nafarroako familiek martxoaren 6tik 17ra izango dugu gure seme-alaben etorkizuna erabakitzeko garaia. Urtero azpimarratzen dugu ideia hau, baina, oso garrantzitsua da familiok garai honetan hartu behar dugun erabakia, hizkuntzaren hautua ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula. 

Nafarroa Garaiko herritarrok ez dauzkagu hizkuntza eskubideak bermatuta gure lurralde osoan. Gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratuak dira Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak ez du aukera berdintasuna bermatzen eta adibide ugari jarri genitzake, Iruñeako Udalak euskarari ez dio ia tokirik utzi nahi,  % 12an murriztu dute murgiltze eredua, euskara zokoratzeko enegarren ahaleginean. Ezin aipatu gabe utzi Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaerari legebiltzarrak emandako erantzuna. Mañeruko herriaren gehiengoak hitz egin duen arren, ez omen da nahikoa eremu mistoan sartu eta euskarari arnasa emateko. Berriz ere, ateak itxi zaizkio euskarari. Euskararen legeak dioena ere ez da betetzen, Instituzio publikoen lana da euskara zokoratzea? Hau al da euskararen berreskurapena eta garapena babestea? 

Sortzenen oso argi daukagu orain arte bezala hezkuntza komunitateak eta euskalgintzak elkarlanean jarraitu behar dugula eta herri bultzadaz lortuko dugula euskaraz bizi eta ikasteko eskubideak bermatzea. Hezkuntza komunitatearekin batera erakunde publikoek ere euskararen aldeko bultzada eta apustua egiten badute askoz ere urrunago iritsiko gara. Horregatik, gaur oraindik ere ozen esan behar dugu, euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan Nafar guztien hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen.

Sortzen elkarteak, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egiten du. Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du. Bidea egiten hasiak gara, baina oraindik, lan handia daukagu. Hizkuntza politika aktiboak indarrean jartzea beharrezkoa da, egoera gutxituan dagoen euskarari bultzada emateko.

Amaitzeko, eta aurre matrikula egiteko sasoia iritsi den honetan, euskararen aldeko hautua egin eta indartzen jarraitzeko deia egiten diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Sasiz betetako bidea da daukaguna, ezin baitugu D eredua hautatu gure lurralde osoan. Hala ere, ilusioz eta gogotsu begiratzen diogu etorkizunari. Euskarak aurrera egin dezan, aukerarik onena D eredua.

Guk euskaraz zuk zergatik Ez!

Kategoriak
Berriak

Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Aurrematrikulazio epea martxoaren 6tik 17ra izango dela jakinarazi berri du. Eta, urtero bezala, iritsi da aurten ere belaunaldi berriei begira erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia, izan ere, Aurrematrikulazio garaia familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko unea da. Eta zalantzarik gabe, hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia hartzen du erabaki horretan. 

Oraindik ere, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Hizkuntza eskubideen urraketak ez dauka etenik gure lurralde zabalean. Hortxe daukagu, Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaeraren inguruan legebiltzarrean hartutako erabakia, herritarren gehiengoaren nahiari muzin egin diote, eta gainera, Lehen hezkuntzako haur gehienen familiek euskaraz ikasteko hautua egin dute, %64 D ereduan eta % 36 A ereduan, ez du inork gaztelera hutsezko hauturik egin. Erabaki horrek, berriz ere atea itxi dio euskarari Mañerun eta agerian jarri du zonifikazioak ez daukala inongo oinarri soziolinguistikorik eta euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan.

Azken urteotan, euskalgintza eta hezkuntza komunitatea elkarlanean ari gara Nafarroan euskarak bere tokia izan dezan. Aurten ere, Nafarroako Euskalgintza osatzen dugun hainbat eragile euskararen alde dei bateratu bat egiteko elkartu gara. Horretarako “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!” kanpaina burutuko dugu hurrengo asteetan zehar. Bi asteetan zehar  sare sozialetan irudi ezberdinak igoko dira egunero, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko esaldiekin. Irudi guztiek mosaiko moduko bat eratuko dute marrazki bat osatuz, euskalgintzaren batasuna eta euskarak batzen gaituela irudikatuz. Kanpaina honetako irudia haur baten silueta da, euskara txikitatik belarritik sartzen dela eta ahotik ateratzen dela adierazten duenak.

Kanpaina honekin, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, Aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara. 

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu.

Kanpainaren sinatzaileak: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, STEILAS, AEK, IKA, Zonalde Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET.

Kategoriak
Berriak

“Udalak nirekin euskaraz” kanpaina

Gaur, “Udalak nirekin euskaraz” kanpaina aurkeztu nahi dugulako bildu gara LABA espazio honetan. Hemen gaude Iruñeko euskalgintza osatzen dugun kolektiboak (AEK, AET, ELA, Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, STEILAS, Zaldiko Maldiko) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.

Kanpainaren helburuak:

Iruñean ere hasiera eman zaio Euskaraldiari, eta horri lotuta, euskararen erabileraren inguruko ariketa kolektiboa egiteaz gain, erakutsi nahi dugu administrazioekin dugun harremanetan erabilera hori nola dagoen mugatua. Izan ere, Iruñeko Udalak hizkuntza eskubideen kontra hartutako erabakiak horren adierazgarri ditugu.

Hiriko euskararen ordenantzan bertan, euskara ez da gaztelaniaren pare ezartzen, Udalaren egunerokotasunean euskara bigarren planora zokoratzen dute, ez dira zerbitzuak euskaraz berdintasunean bermatzen, euskarazko berri gutxiago zabaltzen dira, aisia eta kultur eskaintzetan euskarazko aukerarik ia ez dugu, udalaren argitalpen eta euskarrietan ia ez da euskarazko alerik argitaratzen, Udalaren ekitaldi eta jarduera publikoetan euskarari ia ez zaio presentziarik eskaintzen… Horiek guztiak adibideak baino ez dira, eta atzean ez dago euskararekiko jarrera kontua soilik, euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko gutxiespena baizik. Hiriaren berezko hizkuntza da euskara, eta, beraz, Udalak euskararen presentzia berdintasunean bermatzeak, gutxitutako hizkuntza sustatzearekin batera, herritarrek euskara eroso erabili ahal izatea ziurtatuko luke.

 Oso erraza da egingo dugun ariketa, herritarrei ondokoa eskatuko diegu: Iruñeko Udalaren aldetik azken urtean pairatu edo jaso dituzten hizkuntza eskubideen urraketa guztiak jaso nahi ditugu.

Baina, zertaz ari gara hizkuntza eskubideen urraketa esaten dugunean? Ba adibidez:

  • Udaleko telefono batera deitu, eta euskaraz artatzea nahi badugu, beranduago deitzeko erantzun digute edo departamentu horretan gaztelaniaz egin beharko dugula.
  • Udalaren ekitaldi batera joan gara ,eta dena edo ia dena gaztelaniaz izan da.
  • Udalaren iragarki bakarren bat ikusi dugu euskaraz, beste guztiak gaztelaniaz daude.
  • Udalaren jakinarazpen edo gutun bat heldu zaigu, dena gaztelania hutsean.
  • Udalaren aisiarako eskaintzan euskarazkoa askoz urriagoa da, edo ikastaro baten apuntatu gara baina esan digute gaztelaniaz baino ez dela egingo.

Horiek guztiak, gaurtik hasi eta urtarrilaren 31 bitarte jasoko ditugu, eta horretarako herritarrek ondoko bideak izango dituzte:

  • Emailez: telefonoa@behatokia.eus helbidera helaraztea.
  • Whatsapp-ez: 623 363 811 zenbakira.
  • 948 14 61 72 telefonora deituz.
  • Sare sozialetatik ere jasoko ditugu, Twiterren IruñekoEuskalgintza etiketatuaz edo #UdalakNirekinEuskaraz traola aipatuaz.

Nola ez, dokumentuak, argazkiak… bideratu ahal izango dizkigute herritarrek, eta urraketaren berri ematerakoan ahalik eta daturik zehatzenak ematea eskertuko genuke: noiz izan zen, Iruñeko zein tokitan edo zein telefonotan, etab.

Administrazio publiko zein erakundeetatik ezin da euskararen alde eta euskara errespetatzen dela esan, gero, egunerokotasunean, euskaraz bizi ahal izateko neurrien kontra egin edo hizkuntza eskubideak bermatzeko neurririk hartzen ez bada.

Urtarrilaren 31 arte jasoko ditugun urraketa guztiak Hizkuntz Eskubideen Behatokira ere helaraziko ditugu, txosten berezitu batean Iruñeko Udalean gertatutako egoerak jasota utzi eta Udaleko arduradunei aurkeztu zein Euskal Herriko irakurketaren barne txertatzeko.

Herritarrek administrazio publikoekin euskara erabiltzeko pausua eman dezaten eta ahaldundu daitezen eskatzen diegu, eta pairatzen dituzten egoerak azaleratzen jarraitu beharko dugula adierazi nahi dugu.

Azkenik, dei egiten diegu Iruñeko elkarte zein eragile sozialei, beraiek ere, kanpainan parte hartu, eta Udalari herritarren zein elkarteen hizkuntza eskubideak berdintasunean bermatzea eska diezaioten.

Kategoriak
Berriak

Eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen ez duten haurrek jantokiko bekak galduko dituztela adierazi du Hezkuntza Departamentuak

Duela aste batzuk, Nafarroako hainbat ikastetxe publikotako zuzendaritzek Hezkuntza Departamentuko idatzi bat jaso zuten eta bertan beraien zentroetako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen ez zuten haurrek jantokiko bekak galduko zituztela aditzera eman zieten eta aldi berean, jantokien kudeaketa eta jarraipena egiteko eskatu zitzaien. 

Bai aipatutako zuzendaritzek, bai familiek, harriduraz hartu zuten diru-laguntza hau galtzeko albistea. Izan ere, kurtsoa behin hasita jaso baitute, eta orain arte ezartzen ez zen 186/1993ko Foru Aginduko instrukzio bat erabili dute horretarako, noiz eta orain, eskola jardunaldiari buruzko Foru Agindu berri bat jorratzen ari denean (ikas komunitatea osatzen dugun hainbat entitateren ekarpenekin batera, nahiz eta gero nahi dutena egingo dutelako susmoa dugun). Une honetan, marko honetan, erabaki du Hezkuntza Departamentuak dirulaguntza kentzea eta, horretarako, duela 30 urteko arau batera jo du. Ez al zatekeen hobea izango arau berria gauzatzen den bitartean familiei beraien bateragarritasuna bideratzeko jantokiko bekei eustea? 30 urte hauetan gizartea, ikastetxeak, familiok… guztiok egin dugu aurrera, aldatu egin gara eta, zorionez, behar berrietara egokitzen goaz. Gure ustez, Hezkuntza Departamentuak ere ahalegin berezi bat egin beharko luke zentzu honetan, edo gutxienez ez trabarik jarri. 

Bestetik, Foru Agindu berri hau egiten ari dela probestuta, hausnartu eta saiatu beharko lukete hezkuntza komunitate osoaren beharrak asetzen, ikasleak erdigunean jarrita eta guztien eskubideak bermatuta. Ez al da garaia oztopoak gainditzeko eta, orain gertatzen ez den bezala -batetik bestera saltoka gabiltzala- hezkuntza komunitateari eragiten dioten alderdi guztiak uztartuko lituzkeen hezkuntza lege bat, bakarra, gauzatzeko? Hezkuntzak guztia batzen baitu

Sortzen Elkarteak, LAB irakaskuntzak, eta ikastetxe ezberdinetako guraso elkarteak lanean ari dira neurri honi aurka egiteko. Gaur, urriaren 20an, erregistro bidez helarazi diogu gure jarrera Hezkuntza Departamenduari eta Arartekoari eta aurrerago pausu gehiago emango ditugu.

Zenbat aurreztuko dute jantokiko dirulaguntzak kenduta? Zenbat xahutzen ari da Nafar Gobernua beste hainbat ekintzekin? Inberti dezagun hezkuntzan, etorkizunean fruituak emango baititu. Pentsa dezagun zenbateko apustua egiteko prest gauden, zer nolako gizartea nahi dugun, hortxe baitago guzti honen gakoa.

Kategoriak
Berriak

“Larragako eskolan D eredua irekitzea eskatzen dugu”

Gaur, urriaren 18an, Larragako hainbat familia eta herritar batu dira San Miguel eskolaren aurrean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari herriko eskolan D ereduaren irekiera eskatzeko. Beraiekin izan dira Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka Erauskin eta Sortzen Elkarteko ordezkari Marta Diez Napal.

Prentsa oharra:

Gaur, Larragako familiak, Sortzen Guraso Elkartea eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariekin batera, San Miguel ikastetxe publiko honen atarian bildu gara. Gurekin batera, prentsaurreko honetan Larragako hainbat herritar.


Izan ere, bere garaian Mendigorrian egin zuten bezala, gaurkoan Larragako eskola publikoan euskarazko murgiltze ereduaren zabaltzea nahi dugula aldarrikatzeko bildu gara, Larragako eskola publikoan ere D eredua irekitzea eskatzen dugu.


Herriko haurrek, hainbat hamarkadatan, euskaraz ikasteko herritik kanpora joan behar izan dute. Herrian bertan eskola publiko bat izan arren, hainbat familiek aukeratu behar izan zuten: haurrek euskaraz ikas zezaten Tafallara eramatea, ala herriko eskolara eramatea, euskarazko irakaskuntzari muzin eginez.


Betiko dikotomian uzten gaituzte beraz, euskaraz ikasteko eskubidea dugula esaten zaigu baina gure eskubidea beti baldintzatua dago eta ezin dugu euskara berdintasunean ikasi. Orain arteko egoera ikusita, aurten 12 familiak gure herriko ikastetxe publikoan D ereduaren irekiera eskatu dugu, eta horretarako, uztailean instantziak erregistratu genituen hezkuntza departamentuan. Oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso, eta ostegun honetan bilera izango dugu Gil Sevillano Hezkuntzako Zuzendari Nagusiarekin. Kontuan izan behar dugu otsailean aurrematrikulazio epea hasiko dela eta ez dugu beste herri batzuetan eman den egoera berbera errepikatzerik nahi: garaia heldutakoan, ezin izan zituzten beraien haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatu.

Hezkuntza Departamentuak jakin badaki, haurren eskolaratzeko lehen urtetik lerroa ireki ezean, gure haur eta familien hautua eta egoerak baldintzatuko dituela, beraz, bai, hurrengo ikasturterako D ereduaren irekiera eskatzen dugu, gure eskubidea izateaz gaindi, besteak beste 18/1986 Foru Legean ezarritakoen aplikazioa ere eskatzen dugulako. Hezkuntza Departamentuak 2023-2024 ikasturtean gure haurren D ereduko matrikulazioa ahalbidetzeko dagozkien neurriak martxan jartzeko betebeharra du.

Hala ere, 12 familiak D ereduaren irekiera eskatzea ez da norbanakoon eskari bat, ez eta kapritxo bat. Gure haurrez gaindi, gure atzetik etorriko direnen eskubideez ere ari gara. Herri honek euskaraz ikasi eta bizitzeko duen oinarrizko eskubideaz ari gara, herriko haurrak
berdintasunean eta aniztasunean hezteaz, Nafarroako herritarren artean eremuaren araberako bereizkeriarik ez egiteaz, etorkizuneko herri txikietako eskolen eta herriaren beraren biziraupenaz eta, nola ez, egun gutxiagotua dagoen Nafarroako berezko hizkuntzaren
irakaskuntza sustatzeaz ari gara.

Azken urteetan, gure herriko eskolaren matrikulazioa gainbeheran joan da eta euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeak herriko eskolaren biziraupena eta garapena bermatu ditzake. Larragak etorkizuna herrian eta euskaraz ere eraiki nahi du.


Guk ere, Mendigorrian zein Nafarroako beste herrietan egin bezala, Larragan euskararen haziak ereiteko eskubide osoa dugu, Nafarroako hizkuntzak Larraga lorez bete dezan.


2022ko urriaren 18an

Kategoriak
Berriak

Formakuntza || Kuriosexatzen. Bidelagunak sexu-heziketatik

📅Azaroak 11 eta 18

👉6 eta 12 urte bitarteko haurren guraso eta erreferenteentzako hezkuntzarako tresnak.

👉Formakuntza hau esparru teoriko sexologiko baten barruan kokatzen da, eta horrek gure erotikarekin egiten dugunaz gain, gure sexuaz, sentitzen dugunaz eta partekatzen dugunaz hitz egitea eskatzen du. Esparru horretan, harreman , afektu, identitate, desioaren orientazioa, maitasuna eta abarretaz ere hitz egingo dugu. Baita sexualitate eta erotikaren inguruan dugun begiradaz ere, nondik hezitzen dugun kokatzeko.

👉Formakuntza Taupadak gune sexologikotik bideratuko dute eta ordu eta erdiko bi saio burutuko dira.

✍️Izena eman: https://labur.eus/sxW1Z

kuriosexatzen