Patxi Larraintzar eskolako guraso talde batek Nafarroako Arartekoarengana eskoletako ratioen inguruko kexa bideratu nahi du. Gutun hau Nafarroako Arartekoarengana bideratu nahi izatekotan hurrengo esteka hauetan sakatu:
https://www.defensornavarra.es/es/servicios/quejas/presentar-una-queja
https://www.defensornavarra.es/eu/zerbitzuak/kexak/kexa-jarri
Edozein guraso elkartek gutun honi atsikimendua adierazi nahi badio jarraian dagoen helbidean jakinarazi:
Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan izena emateko garaian, guraso guztiok etxean jaso genuen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren gutuna, “Ni publikokoa naiz” lelopean.
Gure seme-alabak bertan inskribatzeko eskaera egiten zitzaigun, haren hitzetan, “sortu nahi duzun eskola hurbila, bikaina, inklusiboa, eleanitza, eraldatzailea…” delakoan.
Dudarik gabe, arrakasta handiko kanpaña izan zen hura, izena eman dutenen ikasle kopuru handia ikusita, eta horrek pozten gaitu, guk ere pentsatzen baitugu eskola publikoa dela haur eta gazteen aukera berdintasunak eta garapen pertsonala hobekien bermatuko dituena.
Nola gauzatuko dute, aldiz, beren lana irakasleek, salbuespenak salbuespen, gela bakoitzeko 20-25 inguruko ume kopurua badute? Hori da Patxi Larraintzarren, Ezkaban eta beste hainbat eskolatan topatu dugun errealitatea. Eta gure seme-alabek jasoko duten arretagatik kezkatuak gauden gurasoak garen aldetik, ezin dugu beste alde batera begiratu.
0-3 Plataforma aspalditik ari da ratioaren gaia gogor salatzen, eta ez da nolanahiko arazoa: 16 aste besterik ez dutenean, gure haurtxoak hezitzaile batzuen ardurapean utzi behar ditugu, eta ardura osoz zaintzen badituzte ere, lan-gainkargak gainditu egiten ditu. Eta hori guztia, betiere, itxarote-zerrenda batean ez bagaude, batzuetan onartutakoena baino luzeagoa dena. Gainera, eskola nork kudeatu,Nafarroako Gobernuak, udalak edo haiek azpikontratatutako enpresaren batek, baldintzak aldatu egin dira. Bat egiten dugu hezitzaileen borrokarekin, gurea ere badelako; are gehiago, ikusten ari garenean behin etapa hori gaindituta ratioaren arazoa gainerakoetan ere hor dela, bai Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik Bigarren Hezkuntzaraino, Batxilergoa barne.
Haurtzaroan, etorkizuneko jendarte osasuntsu baterako erabakigarriak diren oinarriak ezartzen dira, eta hezitzaileek eta maisu-maistrek dioten moduan, gela barruan dituzten errealitate anitz horiek modu egokian eta osasuntsuan artatu ahal izateko, premiazkoa dute ratioen jaitsiera; beren esku-hartzeak hobetzeaz gainera, ikasleen elkarbizitza, osasun mentala eta inklusioan onura franko suposatuko bailuke neurri horrek.
Nerabezaroan, irakasleen esperientziak hala erakutsita, baina baita Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak ere gomendatuta, gatazkak prebenitzeko, kolektiboki horiek konpontzen ikasteko, bizikidetza arazoak gainditzeko eta, azken batean, eskola porrota murrizteko, berebiziko garrantzia du taldeko ikasleen kopurua murrizteak.
LOMLOEk ezartzen duen aniztasunaren trataera oso dotore geratzen da paperean, baina errealitatean ezinezkoa da gero eta masifikatuago dauden geletan gure seme-alaben beharrak, emozioak eta egoerak artatzea, bereziki, egoera zaurgarriagoan daudenak.
Gauzak horrela, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren hitzetan, 2010. urtetik %20ko galera izan duten irakasleen soldatak igotzea, eskola-orduak astean ordubete murriztea eta etapa guztietan ikasle ratioa jaistea “milioi askoko gastu onartezina” omen da. Hain zuzen ere, “un gasto multimillonario inasumible”. (La Ser, 2024/01/22)
Departamentuak eginiko kalkuluen arabera, 114 milioi beharko lirateke irakasleei garai batean kobratzen zutena ordaintzeko. Astean eskola-ordu bat gutxiago emateko, 25 milioi. Eta etapa guztietan gela bakoitzeko ikasleen kopurua murrizteko, 131 milioi euro.
Hezkuntza publikoaren kalitatean eragin zuzena duten baldintza horiek inbertsiotzat hartu beharko lituzke esparrua ezagutzen duen edozein Hezkuntza kontseilarik, “gastutzat” hartu beharrean. Ratioen jaitsiera, bereziki. Ez digu balio LOMLOEk ezarritako kopurua dela esateak, legeak gainditu ezineko muga ezartzen baitu; ez, ordea, gutxieneko kopuru bat. Beraz, gauzak aldatzea hezkuntza komunitatea osatzen dugun guraso, haur , gazte eta langileen esku dago, borrokaren bidez. Lehentasun kontua da gizartearen onurarako izango den kalitatezko hezkuntza publiko duina bermatzea, behingoz.
Ez diezagutela esan arazoa dirua denik, unibertsitate pribatuak eta itunpeko eskolek 30 milioi eta 170 milioi euro jasoko baitituzte, hurrenez hurren, 2024. urteko Nafarroako aurrekontuen arabera. Horrekin hezkuntza publikoaren beharrak asetzeko nahikoa diru ez badago, har litezke hainbat enpresa erakunde subentzionatzeko aurreikusita dauden 71 milioi horiek, edo Volkswageni bideratuko zaizkion 15 milioiak .
Bestalde, sozietateen gaineko zergatik Nafarroak jasotzen dituen 500 milioi euroko kopuruak pertsona fisikoen errentatik jasotzen diren 2.150 milioi eurokoak baino lau aldiz txikiagoa izaten jarraitzen du. Eta bankuen irabaziak gora egiten ari diren honetan, kapitalaren gaineko errententzioek, langileek baino hamasei aldiz gutxiago ordaintzen dute. Beraz, zerga sistema progresiboagoa behar da, zerbitzu publikoak langileok bakarrik ordain ez ditzagun eta guztiona den dirua interes pribatuetara bidera ez dadin.
Horregatik guztiagatik, _______________ko Guraso Elkarteak, Ikasleen Elkarteak, Klaustroak, Eskola Kontseiluak, eragile sozialak , plataformak edo ________________________jaun/ andreak
HURRENGO ESKAERAK PLAZARATU NAHI DITU:
1.-Carlos Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuari 2024-2025 ikasturterako etapa guztietan ratioak jaisteko beharrezkoak diren inbertsioak egin ditzan eskatzen diogu; benetako arazoa diru kontua ez delako, lehentasun kontua baizik.
hauek
Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak egindako gomendioei jarraiki, dira nahi ditugun ratioak:
-Haur Hezkuntzako Lehen zikloan (0-3 urte):
0-1 urte: 1-4 ume.
1-2 urte: 1-6 ume.
2-3 urte: 1-8 ume.
-Haur Hezkuntzako Bigarren zikloan (3-6 urte): 1-15 ume. -Lehen Hezkuntzako 1.zikloan (7-8 urte): 15-18 ume.
-Lehen Hezkuntzako 2.zikloan (9-10 urte): 15-18 ume.
-Lehen Hezkuntzako 3.zikloan (11-12): 15-18 ume. -Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan( 13-16 urte): 15-20 ikasle. -Batxilergoan (17-18 urte): 15-25 ikasle.
2.-Era berean, Arartekoari eskatzen diogu Nafarroako Parlamentuko alderdiak premia ditzala hezkuntza publikoak ezinbestekoak dituen eskaerak aintzat hartuko dituen aurrekontuak eta, oro har, zerbitzu publiko duinak bermatuko dituen zerga erreforma progresiboa lehenbailehen aurrera ateratzera. Gainerakoan, botere publikoak haur eta gazteen hezkuntza eskubideak urratzen arituko baitira, hezkuntza publikoak bakarrik eskaintzen duen aukera berdintasuna bermatu ezin delako, haien beharrei erantzuteko baliabide nahikorik ez bideratzeagatik.
Hezkuntza sistema publikoaren desafioa, ikasle guztientzat ahalik eta bikaintasun maila handiena lortzea da, edozein delarik ere familien egoera sozioekonomikoa, kulturala eta linguistikoa. Horrexegatik, KALITATEZKO ESKOLA PUBLIKOA DA SORTU NAHI DUGUNA!