Iritsi da aurten ere Nafarroako aurre-matrikulazio garaia, urtero legez, gure haurren etorkizuna erabakitzeko une garrantzitsua dugu hau. Guk euskararen aldeko apustua egin dugu beti, eta aurten ere euskarazko irakaskuntza hauturik onena dela uste dugu zalantzarik gabe. Euskarak aberastu egiten gaitu, eta gure herrira bizitzera etortzen diren herritarrak ere aberastu egiten ditu.
Kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen dugu, eta zer da hori? Nola ulertzen dugu guk? Hasteko, belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza. Aukera berdintasuna oinarri izango duen hezkuntza. Bermatu behar zaigun eskubidea. Eta Nafarroan, Euskal herri osoan bezala, erronka horrek euskara behar du ardatz, aniztasunean zubi, elkarbizitzarako berme, etorkizunerako zutarri.
Oraindik orain, Nafarroa Garaiko herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Ondorioz, gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak ez daude bermatuak Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak aukera berdintasuna bermatu beharko luke, baina oraindik urrun gaude egoera horretatik. Ikasturte honetan ere, zuzenean bizi izan ditugun egoera ugari zerrenda ditzakegu, besteak beste, Iruñerriako haurreskolen afera, D ereduaren aldeko borroka, aisialdia euskaraz antolatzeko zailtasunak, ikasle migratuek bizi duten diskriminazio egoera…
Egunerokoan euskararen alde lanean ari garen eragile, hezkuntza komunitate, haurreskoletako komunitate zein herritarrek, argi daukagu bide berean jarraitu behar dugula lanean, harik eta, euskaraz bizi eta ikasteko dagozkigun eskubideak bermatuak izan arte. Hezkuntza komunitateok egunerokoan egiten dugun lanaz gain, erakunde publikoek beren ardura betetzea ezinbestekoa da, eta beste behin ere, beharrezko diren baliabideak euskararen normalkuntzaren mesedetan jartzea eskatzen diegu. Horrekin batera, berandu baino lehen, euskarak ofizialtasuna behar duela lurralde osoan, gure hizkuntza eskubideak aitortuak eta errespetatuak izan daitezen.
Sortzenek ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egiten du. Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Eta horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du. Administrazioen aldetik, ahalegin berezia egitea eskatzen dugu. Bidea lantzen hasiak gara, baina oraindik, lan handia dago egiteko. Indarrean jarri ditzagun hizkuntza politika aktiboak, desabantaila eta gutxitze egoeran dagoen euskarari hauspoa emateko.
Aurten ere, ezin aipatu gabe utzi, cobid-19ak ekarri duen osasun krisiak euskarari ekarri dizkion kalte larriak. Aurrematrikulazio garaian gauden honetan, ezin aipatu gabe utzi, izan ere, etxealdian, ikasle askok bere egunerokoan euskararekin zuten harremana galdu eta kasu batzuetan eskolak jarraitzeko arazoak izan dituzte. Gure hezkuntza sistema ez dago prestatua horrelako egoeretan egoki erantzuteko eta haurren interesen alde egiteko. Krisi honek agerian utzi ditu gure hezkuntza sistemak dituen gabeziak. Hezkuntza formaletik harago, aisialdia euskaraz lantzeko programek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta eremu honi baliabideak eskaintzea ezinbesteko deritzogu, euskararen normalizazioaren mesedetan.
Amaitzeko, urtero bezala, euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egin eta indartzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatzeko adinean dituzten familia guztiei. Horrekin batera, hizkuntza ereduen sistema zein PAI bezalako programak ezartzen zaizkigun honetan, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea defendatzea eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egitea ezinbestekoak direla uste dugu. Egun, Nafarroa osoan D eredua zabaltzea posible bada ere, oraindik ere, sasiz betetako bidea da daukaguna, oso baliabide gutxi esleitzen zaio aukera horri. Hala ere, ilusioz eta gogoz begiratu behar diogu etorkizunari. Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskola dugu helburu, eta bide horretan aukerarik onena D eredua da.
NIK x ZUK x GUK!! Etorkizuna Euskaraz! Guk euskaraz zuk zergatik EZ!!