Duela aste batzuk, Nafarroako hainbat ikastetxe publikotako zuzendaritzek Hezkuntza Departamentuko idatzi bat jaso zuten eta bertan beraien zentroetako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen ez zuten haurrek jantokiko bekak galduko zituztela aditzera eman zieten eta aldi berean, jantokien kudeaketa eta jarraipena egiteko eskatu zitzaien.
Bai aipatutako zuzendaritzek, bai familiek, harriduraz hartu zuten diru-laguntza hau galtzeko albistea. Izan ere, kurtsoa behin hasita jaso baitute, eta orain arte ezartzen ez zen 186/1993ko Foru Aginduko instrukzio bat erabili dute horretarako, noiz eta orain, eskola jardunaldiari buruzko Foru Agindu berri bat jorratzen ari denean (ikas komunitatea osatzen dugun hainbat entitateren ekarpenekin batera, nahiz eta gero nahi dutena egingo dutelako susmoa dugun). Une honetan, marko honetan, erabaki du Hezkuntza Departamentuak dirulaguntza kentzea eta, horretarako, duela 30 urteko arau batera jo du. Ez al zatekeen hobea izango arau berria gauzatzen den bitartean familiei beraien bateragarritasuna bideratzeko jantokiko bekei eustea? 30 urte hauetan gizartea, ikastetxeak, familiok… guztiok egin dugu aurrera, aldatu egin gara eta, zorionez, behar berrietara egokitzen goaz. Gure ustez, Hezkuntza Departamentuak ere ahalegin berezi bat egin beharko luke zentzu honetan, edo gutxienez ez trabarik jarri.
Bestetik, Foru Agindu berri hau egiten ari dela probestuta, hausnartu eta saiatu beharko lukete hezkuntza komunitate osoaren beharrak asetzen, ikasleak erdigunean jarrita eta guztien eskubideak bermatuta. Ez al da garaia oztopoak gainditzeko eta, orain gertatzen ez den bezala -batetik bestera saltoka gabiltzala- hezkuntza komunitateari eragiten dioten alderdi guztiak uztartuko lituzkeen hezkuntza lege bat, bakarra, gauzatzeko? Hezkuntzak guztia batzen baitu.
Sortzen Elkarteak, LAB irakaskuntzak, eta ikastetxe ezberdinetako guraso elkarteak lanean ari dira neurri honi aurka egiteko. Gaur, urriaren 20an, erregistro bidez helarazi diogu gure jarrera Hezkuntza Departamenduari eta Arartekoari eta aurrerago pausu gehiago emango ditugu.
Zenbat aurreztuko dute jantokiko dirulaguntzak kenduta? Zenbat xahutzen ari da Nafar Gobernua beste hainbat ekintzekin? Inberti dezagun hezkuntzan, etorkizunean fruituak emango baititu. Pentsa dezagun zenbateko apustua egiteko prest gauden, zer nolako gizartea nahi dugun, hortxe baitago guzti honen gakoa.