
Haurren ahotsekin ongi dabilen euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzarekin eta ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko dirulaguntzari eta SPRIren dirulaguntzari esker.
“Sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan —dio Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak—; izan ere, euskarazko idazlanak egin ahal izango dituzte, tekleatu beharrik izan gabe, testua hizketa bidez diktatuta”. Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak “euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak”, azaldu du (ikusi bideoa).
Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek integratuta dauzkate hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza automatikoko sistemak. Baina horietako gehienak ez dira erabilgarri euskaraz, eta ez daude haurren ahotsetarako prestatuta.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen, Languneren, helburua da “hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibitatea lortzea; besteak beste, kontuan hartzen dugu behar bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer zailtasun dituzten”, azaldu du Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak. Hortik abiatuta, Orairekin elkarlanean ezarri ziren AskHezi proiektuaren oinarriak duela hiru urte.
Euskarazko hizketa testu bihurtzeko Oraik orain arte garatutako tresnak haurren ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak entrenatzeko, Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dira: 70.000 grabaketatik gora egin dira.
Hurrengo erronka: sistema martxan jartzea.
Proiektuaren sustatzaileak pozik daude lortutako emaitzarekin: “Oso interesgarria eta polita izan da prozesua. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da hau, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna bat sortu baitugu”. Baina tresna erabiltzaileengana iristeko azken
urratsa falta da.
“Plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta soilik dabilen zerbait. Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletanoinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte — azaldu du Oraiko ikertzaileak—. Plataforma bera hainbat haur edo gaztek erabili behar badute aldi berean, horrek azpiegitura bat eskatzen du, zerbitzariak behar dira
horretarako. Eskalagarritasuna da gure erronka handiena orain”.
Behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta jarri zen AskHezi proiektua martxan, eta itxaropentsu daude tresna berriarekin: “Ikasketa-prozesu bat beharko dute gure seme-alabek tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko. Baina oso aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko”, dio Gabriel Martiarenak (proiektuaren bultzatzaile izan den gurasoetako bat). AskHeziren sustatzaileek (Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta
Sortzen Elkarteak) balio handia ematen diote proiektua aurrera ateratzeko izan duten lankidetzari: “Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan aritu gara behar berezi bat daukaten haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean”.
Proiektuaren sustatzaileek, halaber, garrantzi handia ematen diete euskarazko diktaketa-sistema hau garatu ahal izateko jaso diren dirulaguntzei: Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programak bi urtez lagundu du proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren bidez.

Nafarroa Garaian aurrematrikulazio epea martxoaren 17tik 21ra izango dela iragarri zuen Hezkuntza Departamenduak. Nafarroa Garaiko familiek belaunaldi berrien etorkizunari begira erabaki garrantzitsuak hartzeko unea dugu hau. Besteak beste, zein hizkuntzatan ikasiko duten eskolatzeko adinean dauden Nafarroako haurrek.
Aurtengo kanpainaren mezua, Nafar jendarte osoari eta bereziki jatorri migratua duten familiei helarazi nahi diegu. Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatua dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, guztion ardura baizik. Funtsezkoa da harrera egokia egitea, kulturartekotasuna landuz elkarrekin aberastuz. Errealitatea oso bestelakoa da, sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura bidean, izan ere, A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik
eman gabe. Bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste dugu eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie. Aurten Sortzen elkarteak jatorri migratuko familiei gure eskua luzatu eta elkarrekin urrats bat egin nahi dugu, euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu. Badakigu lan sakona dagoela egiteko, eta hau soilik lehenengo urratsa da baina lanean jarraituko dugu. Jatorri migratuko familia asko eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, gainera, Nafarroako herritarroi
oraindik ere, hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu.
Guk komunitate migratuekin elkarrekin aritu nahi dugu, gure errealitatea aberastuz, esan bezala integrazioa elkarrekintzan egiten baita. Euskara ez da hizkuntza bat soilik, hori baino gehiago da, euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea dakar, euskara inklusiorako eredua da: besteak beste, euskarak gehitu egiten duelako, batzen gaituelako, jakintza gehiago eta mundu ikuskera berri bat ematen digulako.
Hizkuntzaren hautuak Nafarroako haurren etorkizunean izugarrizko garrantzia dauka, familiek aukeratzen dugun hizkuntzaren arabera belaunaldi berrien geroa ezberdina izango baita. Azken urteotan hezkuntza komunitateak lan handia egin du euskarak bere tokia har dezan. Aurtengo kanpainaren leloarekin “D eredua aukeratu, Guztiondako Euskara ! euskara denon aukera izan dadin nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu.
Kanpaina honetarako Sanduzelaiko eskolako hainbat ikasleekin bideoak grabatu ditugu. Bertan haien egunerokoaren inguruan hitz egiten dute, D ereduko eskola publikoko ikasteak, euskarak eskaintzen dien aukerak eta esperientziak nolakoa izaten diren egunerokoan azaltzen digute euskaraz. ESTEKA.
Amaitzeko, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara.
Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu.

Sortzen Elkartetik Euskaren Normalizazio Planaren (ENP) baitan euskarak jantokian eta eguerdiko jolastokian duen presentzia; planaren 3. lan lerroa, lantzen gabiltza guraso elkarte, ikastetxe eta elikadura enpresa ezberdinekin.
Familien tipologia anitza da D ereduan. Gertutasuna, hezkuntza proiektua, publikotasuna, ikasleen profila eta beste zenbait alor dira gaur egun familien lehentasunak. Hala ere, D eredura seme-alaba eramanda euskararen transmisioa bermatuta egongo delaren sinesmena ere zabalduta dago. Hautua, aldiz, ez da aski, eragile eta faktore gehiago daudelako haurren bizitzan euskaraz bizitzetik aldentzen dutenak. Alor guztietan bezala euskaran murgiltzea ezinbestekoa da hizkuntza hau normalizatzeko bidean. Horretarako funtsezkoa da jantokiekin plan bateratu bat ezartzea euskararen erabilera ahalbidetzeko testuinguruak sortu daitezen.
Murgiltze honekiko aldentze horren ondorioak kontutan hartuta, Sortzen Elkartearen baitan biltzen diren hainbat Guraso Elkarteetako euskara batzordeekin Euskararen Normalizazio Plana martxan jarri genuen 2023an, arlo metodologikotik edo eskolatik haratago doazen neurri zehatzez betetako plan proposamena.

Egun Nafarroako eta Iruñerriko eskoletan dagoen arrazakeri estrukturalari buruzko gogoeta egiteko eta gainditzeko ekimena jarri dute martxan Sortzenek, Sos Arrazakeriak eta eskualdeko D ereduko eskola publiko desberdinek.
«Nafarroan eta Iruñerrian diru publikoarekin finantzutako hezkuntzako bi sare izateak (publiko eta itundua) ikasleen segregazioa handitzen duela jakina da, urteroko matrikulazio datuek hala adierazten dutelako. Honek ikastetxeen guetizazioa eragiten du sare publikoaren barnean. Baina sare publikoaren bertan ere segregazioa agerikoa da, gaur egun D eredua ez baita oraindik gure auzoen eta hiriaren errealitatearen isla», azaldu dute.
Gauzak horrela, ekimena bultzatu duten taldeek urteak daramatzate «ikuspegi antiarrazista eskola publiko euskaldunean txertatzeko lanean. Irmoki sinisten dugu dibertsitatea hezkuntzaren erdigunean kokatuko duen eredu publikoan, ikasgela barruan nahiz kanpoan. Denok sar gaitezkeen D eredu publikoan sinisten dugu».
Izan ere, azaldu dutenez kanpotik etorritakoak A eta G ereduetara zuzentzen dituzte gehienbat.
Eskubidea ez da bermatzen
«Hezkuntza sistema honek hezkuntza, eskubide bat izan behar dena, gizartean existitzen diren desoreken birproduzio bihurtzen du. Alde batetik, jatorriaren arabera batzuen etorkizuna baldintzatuz eta bestetik diglosia egoera honetan euskara are gehiago txokoratuz», nabarmendu dute.
Benetan parekidea eta inklusiboa izango den eskola baten alde egin dute, «bakoitzaren jatorria kontuan hartu gabe». Horretarako, informazio guztia denontzat irisgarria izatea aldarrikatu dute.
«Hau ez da bakarrik aurrematrikulazio kanpainen bidez egiten, pauso gehiago ematera behartzen du, egiturazko aldaketa eta benetako konpromezuak exijituz. Jakina da Hezkuntza Departamenduak herritar orok euskaraz ikasteko dugun eskubidearen berri emateko ez duela kanpaina espezifikorik egiten. Argi dago oraindik eskola irekiago bat sortzeko berebiziko garrantziaz direla konziente, existitzen diren arrakalak birproduzitzeari utziz eta guetifikazioak ekidituz, ondorio hauek islatzen baitituzte jatorri eta ereduen araberako matrikulazio ehunekoek», adierazi dute.
Pareta euskarara heltzeko
Gauzak horrela, jatorri migranteko haurrek euskarara heltzeko pareta bat aurrean topatzen dutela salatu dute.
Testuinguru honetan kanpaina honen lehen urratsa heldu den larunbatean, hilak 8, Alde Zaharreko Piparrika plazan jaia antolatu dute ‘Denon eskola, guztiondako euskara’ lelopean. «Egiturazko arrazakeria plazaratu nahi dugu eta eskolaren bidez hori erantzuna eman nahi diogu. Gure auzoetako bizilagun guztiei gure hizkuntza kuttuna ikasteko aukera zabaldu nahi diegu, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuz», azaldu dute.


“Denon eskola guztiondako euskara” Sortzenek, SOS Arrazakeriak eta Iruñerriko D eredu publikoko eskola ezberdinek martxan jarri dugun proiektua da.
Euskal eskola publikoan egiturazko arrazakeria landu nahi dugu. Aldi berean, euskara auzoetako errealitatera hurbiltzeko eta auzoetako errealitatea euskarara hurbiltzeko asmoa dugu, euskararen diglosia egoeraz kontziente izanik.
Gehiago jakin nahi baduzu animatu otsailaren 5ean eginen dugun prentsaurrekora. Otsailak 8an egitarau polit bat antolatu dugu Piparrikan 6-12 urte bitarteko haurrek parte hartu dezaketen jolas tailer, kontzertu eta luncharekin. Animatu zaitezte!


Nafarroako eskolen arteko eskutitza trukaketan oinarria duen eta irakurzaletasuna zein idazmena sustatzea helburu duen proiektua da.
Ikastetxe publikoko ikasle bakoitzak, gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta eskutitz baten bidez, beste ikastetxe bateko ikasle bati liburua irakurtarazteko argudio, informazioa zein bere iritzi pertsonala helaraziko dio.
Eskutitza beste eskola bateko ikasle bati helduko zaio, eta honen truke, berak ere beste eskola bateko ikasle baten eskutitza jasoko du. Eskutitza honetan, liburu bat irakurtzeko gonbitea izango du. Liburua irakurri ondoren, bigarren eskutitz bat idatziko dio beste ikasle horri, liburua zer iruditu zaion azalduz.
Sortzen elkarteak, ikastetxeen arteko bitartekari lanak egingo ditu, ezkutitz trukaketa hau bermatuz. Proiekturi buruzko informazio guztia hemen duzue.
Urtarrilan D eredu publikoko zein eskolek parte hartu nahi duten jakin behar dugu, otsailan lehenengo irakurketa eta eskutitza bidali eta beste eskolako ikasleak jaso ahal izateko. Martxoan eskutitzan agertzen den gomendioa irakurri eta bigarren eskutitza idatziko da. Azkenik, maiatza aldera bigarren eskutitza hau jasoko da ikasturteko Irrikurri|ri amaiera emanez.
Irrikurri beste zonalde bateko euskal ikasleekin harremana izateko proiektu aproposa da, modu honetan euskal ikasleak saretu eta irakurmen eta idazmena landuz.
Informazio gehiagorako: ikastetxeak@sortzen.eus

“Agertuz” Errigora elkartearekin batera sortutako karta jolasa da. Honetan Nafarroa Erdialde eta Erriberako herri eta produktuak agertzen dira. Jolasteko modu ezberdinak daude, hemen dituzue jolasteko arauak hiru hizkuntzatan (klikatu hemen). Jolasaren helburua, euskarazko jolasen eskaintza areagotzeaz gain, Euskal Herriko zonalde honetako produktuen eta herrien izenen erabilpena, askotan gazteleraz izandakoak, gure hizkuntzan ezagutarazi eta normalizatzea da.
“Agertuz” jolasa 12€-tan egongo da salgai (garraio gastuak kontuan hartu gabe). Jarraian dagoen galdetegiaren bitartez egin dezakezue eskaera. Sakatu hemen.
Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu. Gure materiala erostearekin asko laguntzen duzue Nafarroako Euskalgintza.

Guraso asko dira Iruñerrian haien seme-alabak euskarazko haur eskolara eramateko hiria zeharkatzen dutenak edo, are gehiago, ezin izan dituztenak hauetan matrikulatu eskaintza eskasaren ondorioz.
Bada garaia auziari irtenbidea emateko. Belaunaldi berriei euskara ezagutzeko aukera eman behar zaie eta Iruñean dugun egoera diglosikoa aintzat hartuta, murgiltze eredua da bidea, zeinak hizkuntza gutxitua lehenetsiko duen. Ikerketa guztiek argi utzi dute elebitasuna eta eleaniztasuna bermatzen dituela murgiltze ereduak.
335 egun pasa dira zentsura mozioa aurkeztu zenetik eta egoerak hobera egitetik urrun dago. Asiron alkateak haur eskolak euskaraz auzo guztietan nahi zituela aipatu zuen adierazpen batzuetan, hala ere, egoera hurrengoa da: auzo askotan ez dago euskarazko eskaintzarik eta murgiltze giroan haur eskola bakarra dugu (UPNrekin bi ziren). Horretaz gain, bi adarreko sei haur eskola sortu badira ere, ez dute euskalduntzekoa ziurtatzen.
Horregatik, abenduaren 11n manifestazioa egingo dugu Iruñeko Euskalgintzak. Iruñea eta Iruñerriko jendea 17:30etan Parlamentutik mobilizatzera deitzen dugu, aldarrikapenei aurpegia jartzeko.
