Kategoriak
Berriak

SORTU NAHI DUGUN ESKOLA

Patxi Larraintzar eskolako guraso talde batek   Nafarroako Arartekoarengana eskoletako ratioen inguruko kexa bideratu nahi du. Gutun  hau Nafarroako Arartekoarengana bideratu nahi izatekotan hurrengo esteka hauetan sakatu:

https://www.defensornavarra.es/es/servicios/quejas/presentar-una-queja

https://www.defensornavarra.es/eu/zerbitzuak/kexak/kexa-jarri

Edozein guraso elkartek gutun honi atsikimendua adierazi nahi badio jarraian dagoen helbidean jakinarazi:

ratioakjaitsi@gmail.com 

Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan izena emateko garaian, guraso guztiok etxean jaso genuen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren gutuna, “Ni publikokoa naiz” lelopean.

Gure seme-alabak bertan inskribatzeko eskaera egiten zitzaigun, haren hitzetan, “sortu nahi duzun eskola hurbila, bikaina, inklusiboa, eleanitza, eraldatzailea…” delakoan.

Dudarik gabe, arrakasta handiko kanpaña izan zen hura, izena eman dutenen ikasle kopuru handia ikusita, eta horrek pozten gaitu, guk ere pentsatzen baitugu eskola publikoa dela haur eta gazteen aukera berdintasunak eta garapen pertsonala hobekien bermatuko dituena.

Nola gauzatuko dute, aldiz, beren lana irakasleek, salbuespenak salbuespen, gela bakoitzeko 20-25 inguruko ume kopurua badute? Hori da Patxi Larraintzarren, Ezkaban eta beste hainbat eskolatan topatu dugun errealitatea. Eta gure seme-alabek jasoko duten arretagatik kezkatuak gauden gurasoak garen aldetik, ezin dugu beste alde batera begiratu.

0-3 Plataforma aspalditik ari da ratioaren gaia gogor salatzen, eta ez da nolanahiko arazoa: 16 aste besterik ez dutenean, gure haurtxoak hezitzaile batzuen ardurapean utzi behar ditugu, eta ardura osoz zaintzen badituzte ere, lan-gainkargak gainditu egiten ditu. Eta hori guztia, betiere, itxarote-zerrenda batean ez bagaude, batzuetan onartutakoena baino luzeagoa dena. Gainera, eskola nork kudeatu,Nafarroako Gobernuak, udalak edo haiek azpikontratatutako enpresaren batek, baldintzak aldatu egin dira. Bat egiten dugu hezitzaileen borrokarekin, gurea ere badelako; are gehiago, ikusten ari garenean behin etapa hori gaindituta ratioaren arazoa gainerakoetan ere hor dela, bai Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik Bigarren Hezkuntzaraino, Batxilergoa barne.

Haurtzaroan, etorkizuneko jendarte osasuntsu baterako erabakigarriak diren oinarriak ezartzen dira, eta hezitzaileek eta maisu-maistrek dioten moduan, gela barruan dituzten errealitate anitz horiek modu egokian eta osasuntsuan artatu ahal izateko, premiazkoa dute ratioen jaitsiera; beren esku-hartzeak hobetzeaz gainera, ikasleen elkarbizitza, osasun mentala eta inklusioan onura franko suposatuko bailuke neurri horrek.

Nerabezaroan, irakasleen esperientziak hala erakutsita, baina baita Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak ere gomendatuta, gatazkak prebenitzeko, kolektiboki horiek konpontzen ikasteko, bizikidetza arazoak gainditzeko eta, azken batean, eskola porrota murrizteko, berebiziko garrantzia du taldeko ikasleen kopurua murrizteak.

LOMLOEk ezartzen duen aniztasunaren trataera oso dotore geratzen da paperean, baina errealitatean ezinezkoa da gero eta masifikatuago dauden geletan gure seme-alaben beharrak, emozioak eta egoerak artatzea, bereziki, egoera zaurgarriagoan daudenak.

Gauzak horrela, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren hitzetan, 2010. urtetik %20ko galera izan duten irakasleen soldatak igotzea, eskola-orduak astean ordubete murriztea eta etapa guztietan ikasle ratioa jaistea “milioi askoko gastu onartezina” omen da. Hain zuzen ere, “un gasto multimillonario inasumible”. (La Ser, 2024/01/22)

Departamentuak eginiko kalkuluen arabera, 114 milioi beharko lirateke irakasleei garai batean kobratzen zutena ordaintzeko. Astean eskola-ordu bat gutxiago emateko, 25 milioi. Eta etapa guztietan gela bakoitzeko ikasleen kopurua murrizteko, 131 milioi euro.

Hezkuntza publikoaren kalitatean eragin zuzena duten baldintza horiek inbertsiotzat hartu beharko lituzke esparrua ezagutzen duen edozein Hezkuntza kontseilarik, “gastutzat” hartu beharrean. Ratioen jaitsiera, bereziki. Ez digu balio LOMLOEk ezarritako kopurua dela esateak, legeak gainditu ezineko muga ezartzen baitu; ez, ordea, gutxieneko kopuru bat. Beraz, gauzak aldatzea hezkuntza komunitatea osatzen dugun guraso, haur , gazte eta langileen esku dago, borrokaren bidez. Lehentasun kontua da gizartearen onurarako izango den kalitatezko hezkuntza publiko duina bermatzea, behingoz.

Ez diezagutela esan arazoa dirua denik, unibertsitate pribatuak eta itunpeko eskolek 30 milioi eta 170 milioi euro jasoko baitituzte, hurrenez hurren, 2024. urteko Nafarroako aurrekontuen arabera. Horrekin hezkuntza publikoaren beharrak asetzeko nahikoa diru ez badago, har litezke hainbat enpresa erakunde subentzionatzeko aurreikusita dauden 71 milioi horiek, edo Volkswageni bideratuko zaizkion 15 milioiak .

Bestalde, sozietateen gaineko zergatik Nafarroak jasotzen dituen 500 milioi euroko kopuruak pertsona fisikoen errentatik jasotzen diren 2.150 milioi eurokoak baino lau aldiz txikiagoa izaten jarraitzen du. Eta bankuen irabaziak gora egiten ari diren honetan, kapitalaren gaineko errententzioek, langileek baino hamasei aldiz gutxiago ordaintzen dute. Beraz, zerga sistema progresiboagoa behar da, zerbitzu publikoak langileok bakarrik ordain ez ditzagun eta guztiona den dirua interes pribatuetara bidera ez dadin.

Horregatik guztiagatik, _______________ko Guraso Elkarteak, Ikasleen Elkarteak, Klaustroak, Eskola Kontseiluak, eragile sozialak , plataformak edo ________________________jaun/ andreak

HURRENGO ESKAERAK PLAZARATU NAHI DITU:

1.-Carlos Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuari 2024-2025 ikasturterako etapa guztietan ratioak jaisteko beharrezkoak diren inbertsioak egin ditzan eskatzen diogu; benetako arazoa diru kontua ez delako, lehentasun kontua baizik.

hauek

Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak egindako gomendioei jarraiki, dira nahi ditugun ratioak:

-Haur Hezkuntzako Lehen zikloan (0-3 urte):

  • 0-1 urte: 1-4 ume.

  • 1-2 urte: 1-6 ume.

  • 2-3 urte: 1-8 ume.

    -Haur Hezkuntzako Bigarren zikloan (3-6 urte): 1-15 ume. -Lehen Hezkuntzako 1.zikloan (7-8 urte): 15-18 ume.
    -Lehen Hezkuntzako 2.zikloan (9-10 urte): 15-18 ume.
    -Lehen Hezkuntzako 3.zikloan (11-12): 15-18 ume. -Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan( 13-16 urte): 15-20 ikasle. -Batxilergoan (17-18 urte): 15-25 ikasle.

2.-Era berean, Arartekoari eskatzen diogu Nafarroako Parlamentuko alderdiak premia ditzala hezkuntza publikoak ezinbestekoak dituen eskaerak aintzat hartuko dituen aurrekontuak eta, oro har, zerbitzu publiko duinak bermatuko dituen zerga erreforma progresiboa lehenbailehen aurrera ateratzera. Gainerakoan, botere publikoak haur eta gazteen hezkuntza eskubideak urratzen arituko baitira, hezkuntza publikoak bakarrik eskaintzen duen aukera berdintasuna bermatu ezin delako, haien beharrei erantzuteko baliabide nahikorik ez bideratzeagatik.

Hezkuntza sistema publikoaren desafioa, ikasle guztientzat ahalik eta bikaintasun maila handiena lortzea da, edozein delarik ere familien egoera sozioekonomikoa, kulturala eta linguistikoa. Horrexegatik, KALITATEZKO ESKOLA PUBLIKOA DA SORTU NAHI DUGUNA!

Kategoriak
Berriak

JAUZI.EUS, IRUÑERRIKO EUSKARAZKO ESKOLAZ KANPOKO JARDUEREN BILATZAILEA

Sortzen Gurasoak Elkartea, euskararen normalizazioaren bidean, D ereduko ikastetxe publikoen inguruko hizkuntza ekosistemak osatzeari begira jarri da. Eskolaz kanpo antolatzen diren Guraso Elkarteen jardueren eskaintza eta Udal ezberdinen eskaintza publikoa jaso eta familiak informatzeko jauzi.eus bilatzailea sortu du. Guraso Elkarteen eskaintzaren kasuan, Jauzi bertatik izena emateko aukera egongo da ere bai, jarduera zehatz horietarako matrikula epea ekainaren 4tik 14ra izanik.

Sortzenek dioenez, sortu berri duten proiektuak 5 helburu ditu: 

  • Eskolaz kanpoko jardueren zabalpenerako eta izena emateko toki erreferentziala sortzea.
  • Aisiako euskara hutsezko zirkuituak koordinatzea.
  • Guraso Elkartetako eskolaz kanpoko batzordeei lana erraztea.
  • Guraso Elkarte, jarduera eta hezitzaile kontaktu sarea osatzea.
  • Jarduerak gainontzeko auzo eta herrietan ezagutzera eman eta taldeak osatzeko matrikula minimoetara ailegatzen laguntzea.
JAUZI.EUS-EN EPEAK:

– Maiatzak 29: Jauzi.eus ikusgai.

– Ekainak 4-14: Guraso Elkarteetako jardueren matrikula.

– Ekainak 15-19: Azken hauen talde osaketen komunikazioa.

– Ekainaren 23-ra arte: Azken hauen ordainketa eta plaza ziurtatzea.

– Ekainaren 23tik aurrera: Azken hauetan itxaron zerrendan zeudenen ordainketa eta plaza ziurtatzea.-

JAUZI.EUS-EN OHARRA:

– Jauzi.eus Guraso Elkarte eta Udalen eskaintza publikoaz informatzeko sortu da.

– Guraso Elkarteetako jardueren kasuan, izena emateko ere bai. Guraso Elkarteetako eskaintzan, 16:30etatik aurrerako jarduerak kanpoko ikasleei ere irekiak daude, bertako ikasleen lehentasuna zainduta.

– Jarduera guztiak euskarazko murgiltze metodologian oinarrituta daude. Guraso Elkarteetako jardueretako begiraleek “murgiltzea zaintzeko eta euskara dinamizatzeko” formakuntza jasoko dute.

– Oraingoz, Iruñerrira, 3-12 adin-tartera eta eskola-egutegiarekin kointziditzen duten (urria-maiatza) jardueretara mugatuta.

JAUZIREN PARTAIDEAK:

Ezagutzera eman dutenez, oraingoz, honako ikastetxeetako Guraso Elkarteek eman dute izena: Amaiur (Iturrama), Bernart Etxepare (Txantrea), Ermitaberri (Burlata), Hegoalde (Arrosadia), Irulegi (Mutiloa), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzizko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain). Beraz, ikastetxe hauetako 16:30 geroko eskaintza kanpoko ikasleei ere irekita egongo da, bertako ikasleriaren lehentasuna zainduta beti ere.

AURRETIK, KONTZIENTZIAZIO KANPAINA IKASTETXETAN:

D ereduko ikastetxeen federazioaren hitzetan, “argi genuen bilatzailean ezer eskaini aurretik ikastetxetan kontzientziazio lana egitea oso beharrezkoa zela. D ereduko azken urteetako soziologia oso anitza da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa. Horregatik, hainbat ikastetxetan, kanal ezberdinen bidez, familiei “aisiaren garrantziaz” ohartarazteko kanpaina bat martxan jarri genuen. Labur esanda, euskarazko hezkuntza arautua gure umeen denboraren %15a dela esan diegu familiei. Gainontzekoak euskararen transmisio eta garapenean izugarrizko eragina duela. Ume guztiek euskara eroso erabiltzeko helburua badugu, etxean eta aisian euskarazko zirkuituak behar ditugula (kultur agenda, eskolaz kanpokoak, ludotekak, ipuinak, abestiak, jolasak, TB, filmak, webguneak,…).”.

EUSKARAREN NORMALIZAZIO PLANAREN TESTUINGURUAN:

Federazioaren hitzetan, “bilatzaile bat sortzearen ideia, sortu genuen Euskararen Normalizazio Planaren (ENP) barruan kokatzen da. Plan estrategiko honek helburu garbi bat du Iruñerrirako: D ereduko Ikastetxe bakoitzeko ume guzti-guztiak euskaraz eroso aritzea. Horretarako, filosofia aldatu beharra dago eta ENP-aren logoak adierazten duen bezala, transmisioa 3 adarren batuketaren ondorio bezala ulertu beharra dago: Etxea + hezkuntza arautua + aisia. 3 adar horietan ideia eta proposamen praktiko ezberdinak jasotzen ditu planak.”

Iruñean, 2024ko maiatzaren 22an

Kategoriak
Berriak

Euskara Antzokira 2024

Urtero bezala Sortzenek Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko elkarteak ” Euskara Antzokira” ekimena antolatu du maiatzaren 18an, arratsaldeko 17:30etan Antsoainen.

Sortzenek lehentasunez lantzen duen ardatza dugu euskara. Gure eguneroko jardunean euskaren normalizazioaren bidean lanean dihardugu, euskalgintzarekin, eta euskal hezkuntzagintzan lanean ari diren eragileekin elkarlanean. 

Euskarari hauspoa ematea helburu duten ekimen ezberdinak lantzen ditugu ikasturtean zehar eta “Euskara Antzokira” garrantzi berezia dauka guretzat. Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dugun ekimena baita.

“Euskara Antzokira” ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea da. Horretarako, Gloria Larraintzar, Ezkaba, San Frantzisko, eta Bernart Etxepareko eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eta Antsoaingo antzokiko eszenatokian aurkeztuko dizkigute.

Denetarik egonen da: antzerkiak, bertsoak, dantzak eta kantak, eta dena EUSKARAZ.. Sarrerak  Antsoaingo udalaren web orrian aurkituko dituzue, 5 eurotan, maiatzaren 7tik aurrera: https://es.patronbase.com/_AnsoainEu/Productions . Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea dugu xede. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu nahi dugu.

Emanaldia bukatzerakoa, 18:30ak inguru, SORTZEN TONBOLA burutuko dugu Antsoaingo plazan (Ezkaba eskolako patioan eguraldi txarra egiten badu), bertan salduko dira tiketak goiz guztian zehar. Gure laguntzaileai esker, opari pila ditugu: bazkariak, eskalada saioak, diskak, kamixetak, liburuak… ez galdu aukera eta gerturatu zaitez!

Animatu eta parte hartu!!

Kategoriak
Berriak

EUSKARA ON! EUSKARA PIZTU!

Nafarroa Garaian aurrematrikulazio epea martxoaren 18tik 22ra izango dela iragarri zuen Hezkuntza Departamenduak. Nafarroa Garaiko familiek belaunaldi berrien etorkizunari begira erabaki garrantzitsuak hartzeko unea dugu hau. Besteak beste, zein hizkuntzatan ikasiko duten eskolatzeko adinean dauden Nafarroako haurrek. 

Aurtengo kanpainaren mezua, Nafar jendarte osoari eta bereziki jatorri migratua duten familiei helarazi nahi diegu.  Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatua dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, guztion ardura baizik. Funtsezkoa da harrera egokia egitea, kulturartekotasuna landuz, elkarrekin aberastuz. Errealitatea oso bestelakoa da, sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura bidean, izan ere, A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik eman gabe. Bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste dugu eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie. 

Aurten Sortzen elkarteak eta NIZEk elkarlanean jatorri migratua duten familiei gure eskua luzatu eta elkarrekin urrats bat egin nahi dugu, euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu. Badakigu lan sakona dagoela egiteko, eta hau soilik lehenengo urratsa da, baina lanean jarraituko dugu. Jatorri migratuko familia asko eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, gainera, Nafarroako herritarroi oraindik ere, hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu. 

Guk komunitate migratuekin elkarrekin aritu nahi dugu, gure errealitatea aberastuz, esan bezala integrazioa elkarrekintzan egiten baita. Euskara ez da hizkuntza bat soilik, hori baino gehiago da, euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea dakar, euskara inklusiorako eredua da: besteak beste, euskarak gehitu egiten duelako, batzen gaituelako, jakintza gehiago eta mundu ikuskera berri bat ematen digulako.  

Hizkuntzaren hautuak Nafarroako haurren etorkizunean izugarrizko garrantzia dauka, familiek aukeratzen dugun hizkuntzaren arabera belaunaldi berrien geroa ezberdina izango baita. Azken urteotan hezkuntza komunitateak lan handia egin du euskarak bere tokia har dezan. Aurtengo kanpainaren leloarekin “Euskara ON! Euskara piztu! euskara denon bizitzak argiztatu, piztu ditzan nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu.

Kanpaina honetarako San Frantzisko eskolako hainbat gurasoekin bideoak grabatu ditugu. Bertan haien erabakiaren inguruan hitz egiten dute, izan zituzten zalantzak partekatu eta esperientzia nolakoa izaten ari den azaltzen digute. ESTEKA

Amaitzeko, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara. 

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu. 

NIZE ETA SORTZEN

Kategoriak
Berriak

FORMAKUNTZA : Hezkuntza digitala

Hezkuntza digitalari buruzko bi saio berri antolatu ditugu, bi gai konkretuen inguruan: Sare sozialak eta osasun mentala, eta Ziberjazarpena.

Otsailaren 2an eta otsailaren 23an Sanduzelaiko Civivoxean burutuko dira, arratsaldeko 17:30ean.

Sare sozialak eta osasun mentala:  Sare sozialen erabilera eta bertan ikusten duguna gure osasun mentalean izan ditzakeen ondorioak ikusiko ditugu: autoestima jeitsiera, ansietatea, depresioa, elikadura nahasteak… Sare sozialen negozio eredua ikertuko dugu, haien algoritmoak eta horiek dituzten ondorioak landuko ditugu: polarizazioa, desinformazioa, adikzioa eta edertasun kanonak. Gehiegizko erabilera eta adikzioa nola detektatu ditzakegun ikusiko dugu, eta laguntza eskatzeko irizpideak eskeiniko dira.

Ziberjazarpena: Bortizkeria digitala, mota desberdinak eta ezaugarriak. Ziberjazarpenean noiz bihurtzen den, nola eta zergatik ematen den, biktimentzako ondorio psikologikoak eta erasotzaileentzako ondorio penalak. Aurre egiteko eta prebentzioa lantzeko irizpideak.

Izena eman ondoko inprimakian: https://labur.eus/hezkuntzadigitala2 

Kategoriak
Berriak

Jolas eta jostailu ez sexistak

Jolasa ikasteko egoera naturala da, jolas desberdinek zenbait gaitasunen garapena errazten dute, eta jostailuak jolasa aberasteko baliabideak dira. Jostailuek izugarrizko garrantzia dute haurren hezkuntza prozesuan. Haurtzaroan, jolasa da ezagutzarako, ikasketarako eta adierazpenerako bide nagusia.

Jolasaren bidez haurrak bizi diren jendartearen arauak eta portaerak ikasten dituzte. Jostailuak berez, ez dira onak edo txarrak, hauen egokitasuna ematen diogun erabileraren araberakoa izango da. Jolasten edo jostailu desberdinak erabiltzen, haien sexu biologikoari inposatzen zaizkien ezagugarriak ezagutuko dituzte haurrek. Ondorioz generoaren araberako erabilerak, estereotipo sexistak barneratu, birproduzitu eta iraunaraztea eragiten du.

Hau dela eta, heziketarako tresna garrantzitsua den momentutik, ezinbestekoa da eskaintzen, onartzen edo indartzen ari garen ereduen analisi kritiko bat egitea. Jostailuak aukeratzeko irizpideak:

  • Jostailu bat aukeratzerakoan, umearen adina eta gaitasunak kontuan hartu.
  • Umearen ekintza, irudimena eta gaitasuna sustatzen duten jostailuak aukeratu.
  • Jostailu ezberdinak konbinatu.
  • Jendarte elkarrekintza eta, batez ere, elkarrekintza kooperatiboa sustatuko duten jostailuak, bakarrik jolasteko aukera emango dieten jostailuekin konbinatu.
  • Jostailu anitzak sexu bietan, rol sexistak tipifikatzen ez dituztenak, eta jarrera bortitzak bultzatzen ez dituztenak (jostailu belikoak) aukeratu.
  • Interesgarriak, erakargarriak eta atseginak diren jostailuak. Jostailu ziurrak.

Gehiago jakin nahi? Deskargatu gure gida hemen

Kategoriak
Berriak

Euskara Antzokira 2023

Urtero bezala Sortzenek Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko elkarteak ” Euskara Antzokira” ekimena antolatu du maiatzaren 20an, arratsaldeko 17:00etan Antsoainen.

Sortzenek lehentasunez lantzen duen ardatza dugu euskara. Gure eguneroko jardunean euskaren normalizazioaren bidean lanean dihardugu, euskalgintzarekin, eta euskal hezkuntzagintzan lanean ari diren eragileekin elkarlanean. 

Euskarari hauspoa ematea helburu duten ekimen ezberdinak lantzen ditugu ikasturtean zehar eta “Euskara Antzokira” garrantzi berezia dauka guretzat. Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dugun ekimena baita.

“Euskara Antzokira” ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea da. Horretarako, Ezkaba, San Frantzisko, Irain, Eunate, Amaiur, eta Bernart Etxepare eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eta Antsoaingo antzokiko eszenatokian aurkeztuko dizkigute.

Denetarik egonen da: antzerkiak, bertsoak, dantzak eta kantak, eta dena EUSKARAZ.. Sarrerak  Antsoaingo udalaren web orrian aurkituko dituzue, maiatzaren 9tik aurrera: https://es.patronbase.com/_AnsoainEu/Productions . Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea dugu xede. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu nahi dugu.

Emanaldia bukatzerakoa, 18:30ak inguru, SORTZEN TONBOLA burutuko dugu Antsoaingo plazan (Ezkaba eskolako patioan eguraldi txarra egiten badu), bertan salduko dira tiketak goiz guztian zehar. Gure laguntzaileai esker, opari pila ditugu: bazkariak, eskalada saioak, diskak, kamixetak, liburuak… ez galdu aukera eta gerturatu zaitez!

Esker bereziak gure laguntzaileei, haiek gabe ezinezkoa izango zen:

  • AEK
  • Bihatz
  • Elhuyar
  • Errigora
  • Herriko Taberna
  • IKA
  • Irrisarriland
  • Karrikiri
  • Laba
  • Salting
  • Sorioneku

Animatu eta parte hartu!!

Kategoriak
Berriak

Leringo 19 familiak herriko eskolan euskarazko lerroa irekitzea eskatu dute

Familiek salatu dute 2022ko azaroan Nafarroako Hezkuntza Departamentuari D eredua eskatuz egindako instantziek ez dutela erantzunik jaso.

Behatokia eta Sortzen Udalarekin harremanetan jarriko dira, ikastetxe ondoko lokal hutsak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan eskatzeko.

Haurrek Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu dute, gizarte justuago eta berdinzale baten alde.

2023ko martxoaren 9a

Gaur Leringo hainbat familia elkartu gara Udaletxe plazan, herriko haurrek eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratzean. Iazko azaroan egin genuen bezala, gaur goizean Hezkuntza Departamentuari Leringo Doña Blanca de Navarra eskola publikoan euskarazko D ereduko lerroa irekitzea eskatzeko Leringo haurren familiek instantziak erregistratu nahi izan dituzte eskolan, baina honetan ez dituzte eskaerak jaso nahi izan. Ondorioz, zuzenean Hezkuntza Departamentuan erregistratuko dira berriz. Azaroan egin ziren eskariak eta gaur aurrematrikulazio epearen barruan egin nahi zirenak kontuan hartuz, jada herriko 19 familiek eta horietako 25 haurrek egin dute D ereduaren aldeko eskaria.

2022ko azaroan, euskarazko irakaskuntza eskatzen zutenek legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua aise gainditu arren, martxoaren 7an ireki zen aurrematrikulazio epean, gurasoei ez zaie eman Doña Blanca de Navarra ikastetxean D eredua hautatu nahi dutela adierazteko aukerarik. Are gehiago, gaur gaurkoz ez dute azaroan sartutako instantzien erantzunik izan, eta Sortzen guraso elkarteak Eskola Kontseiluan eskatutako azalpenen bidez jakin izan dute 2023-2024 ikasturterako Hezkuntza Departamentuak ez duela asmorik D ereduaren irekieraren alde ezer egiteko. Izan ere, Eskola Kontseiluan Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak egindako adierazpenen arabera, oraingoan ikastetxean espazio falta dagoela baino ez da argudiatu, eta familiei ez diete dagozkien txosten teknikorik helarazi ez eta irtenbideak aztertzeko inongo asmorik azaldu.

Egoera honen aurrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Sortzen Guraso Elkartea Udalarekin harremanetan jarriko dira, D eredua ez irekitzeko arazoa espazio faltan izango balitz, Udalak hutsik dituen ikastetxe ondoko eraikin eta lokalak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan eskatzeko.

1986ko “Euskararen Legeak” ezarritako eremu “misto” eta “ez-euskaldunetako” herrietan horrelako egoerak urtero errepikatzen hasi diren heinean, dei egiten diegu Nafarroako Gobernuko arduradunei euskarazko irakaskuntza bultzatzen hasi daitezen eta dauden oztopoak ezabatzeko beharrezko bitarteko guztiak martxan jar ditzaten. Izan ere, aipatu legeak berak zehazten du, 25. artikuluan, ikastetxe publikoetan «eskariaren araberako irakaskuntza euskaraz emateko lerroak» sortuko direla, eta euskaraz irakatsiko zaiela «hala eskatzen duten ikasle guztiei, eskolatzearen amaieran hizkuntza horren ezagutza-maila nahikoa lor dezaten».

Mendigorrian eta Larragan euskararen haziak landatzea lortu den bezala, Lerinen zein Nafarroako gainerako herri guztietan haurrek hezkuntza publikoan Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, gizarte justuago eta berdinzale baten alde.

Kategoriak
Berriak

ETORKIZUNA EUSKARAZ

Urtero bezala,  Sortzenek bere mezua helarazi nahi dio Nafar jendarteari eta haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Aurrematrikulazio garaia iritsi da, baina, berotu ditugu motorrak dagoeneko eta aurre lana egina dugu. Izan ere, Nafarroako euskalgintza eta Hezkuntza komunitatea elkarlanean “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA” kanpaina burutu dugu aurreko asteetan. Euskararen aldeko esaldi ugari zabaldu ditugu lau haizetara, euskarak batzen gaituela irudikatuz eta euskara erdigunera ekartzeko asmoz.

Nafarroako familiek martxoaren 6tik 17ra izango dugu gure seme-alaben etorkizuna erabakitzeko garaia. Urtero azpimarratzen dugu ideia hau, baina, oso garrantzitsua da familiok garai honetan hartu behar dugun erabakia, hizkuntzaren hautua ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula. 

Nafarroa Garaiko herritarrok ez dauzkagu hizkuntza eskubideak bermatuta gure lurralde osoan. Gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratuak dira Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak ez du aukera berdintasuna bermatzen eta adibide ugari jarri genitzake, Iruñeako Udalak euskarari ez dio ia tokirik utzi nahi,  % 12an murriztu dute murgiltze eredua, euskara zokoratzeko enegarren ahaleginean. Ezin aipatu gabe utzi Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaerari legebiltzarrak emandako erantzuna. Mañeruko herriaren gehiengoak hitz egin duen arren, ez omen da nahikoa eremu mistoan sartu eta euskarari arnasa emateko. Berriz ere, ateak itxi zaizkio euskarari. Euskararen legeak dioena ere ez da betetzen, Instituzio publikoen lana da euskara zokoratzea? Hau al da euskararen berreskurapena eta garapena babestea? 

Sortzenen oso argi daukagu orain arte bezala hezkuntza komunitateak eta euskalgintzak elkarlanean jarraitu behar dugula eta herri bultzadaz lortuko dugula euskaraz bizi eta ikasteko eskubideak bermatzea. Hezkuntza komunitatearekin batera erakunde publikoek ere euskararen aldeko bultzada eta apustua egiten badute askoz ere urrunago iritsiko gara. Horregatik, gaur oraindik ere ozen esan behar dugu, euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan Nafar guztien hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen.

Sortzen elkarteak, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egiten du. Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du. Bidea egiten hasiak gara, baina oraindik, lan handia daukagu. Hizkuntza politika aktiboak indarrean jartzea beharrezkoa da, egoera gutxituan dagoen euskarari bultzada emateko.

Amaitzeko, eta aurre matrikula egiteko sasoia iritsi den honetan, euskararen aldeko hautua egin eta indartzen jarraitzeko deia egiten diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Sasiz betetako bidea da daukaguna, ezin baitugu D eredua hautatu gure lurralde osoan. Hala ere, ilusioz eta gogotsu begiratzen diogu etorkizunari. Euskarak aurrera egin dezan, aukerarik onena D eredua.

Guk euskaraz zuk zergatik Ez!

Kategoriak
Berriak

Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Aurrematrikulazio epea martxoaren 6tik 17ra izango dela jakinarazi berri du. Eta, urtero bezala, iritsi da aurten ere belaunaldi berriei begira erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia, izan ere, Aurrematrikulazio garaia familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko unea da. Eta zalantzarik gabe, hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia hartzen du erabaki horretan. 

Oraindik ere, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Hizkuntza eskubideen urraketak ez dauka etenik gure lurralde zabalean. Hortxe daukagu, Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaeraren inguruan legebiltzarrean hartutako erabakia, herritarren gehiengoaren nahiari muzin egin diote, eta gainera, Lehen hezkuntzako haur gehienen familiek euskaraz ikasteko hautua egin dute, %64 D ereduan eta % 36 A ereduan, ez du inork gaztelera hutsezko hauturik egin. Erabaki horrek, berriz ere atea itxi dio euskarari Mañerun eta agerian jarri du zonifikazioak ez daukala inongo oinarri soziolinguistikorik eta euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan.

Azken urteotan, euskalgintza eta hezkuntza komunitatea elkarlanean ari gara Nafarroan euskarak bere tokia izan dezan. Aurten ere, Nafarroako Euskalgintza osatzen dugun hainbat eragile euskararen alde dei bateratu bat egiteko elkartu gara. Horretarako “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!” kanpaina burutuko dugu hurrengo asteetan zehar. Bi asteetan zehar  sare sozialetan irudi ezberdinak igoko dira egunero, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko esaldiekin. Irudi guztiek mosaiko moduko bat eratuko dute marrazki bat osatuz, euskalgintzaren batasuna eta euskarak batzen gaituela irudikatuz. Kanpaina honetako irudia haur baten silueta da, euskara txikitatik belarritik sartzen dela eta ahotik ateratzen dela adierazten duenak.

Kanpaina honekin, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, Aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara. 

Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu.

Kanpainaren sinatzaileak: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, STEILAS, AEK, IKA, Zonalde Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET.