EskolHerrianEuskaraz: Ikasle Euskaldun Eleaniztunak hezteko Hizkuntza Proiektuaren Gida Praktikoa

Sortzen Elkartearen iparra eta lanaren norabidea da, euskal haur eta gazteentzako hezkuntza eredu berria eraikitzea eta Euskal Herrian geure errealitateari eta beharrei erantzungo dien eskola sortzea. Haurrak eta gazteak dira gure begiradaren erdigunea. Eta horien etorkizuna da gizarteak bermatu behar duena, bai norbanako zein kolektibo gisa. Izan ere, haur eta gazteak komunitatearen baitan jaio, hazi, hezi eta bizi dira, eta komunitateari dagokio, guzti hori, baldintza egoki eta duinetan egin dezaten ziurtatzea behar dituzten tresnak eskainiz.

 

 

Haurrek, baina, beraien oraina eta etorkizuna euskaldun bezala bizi ahal izatea ez da eskuragarri duten zerbait, bertan berezko hizkuntza dena, euskara, egun oraindik hizkuntza gutxitua baita, eta euskal herritarrok, ez dauzkagu hizkuntza-eskubideak bermatuta. Lurraldearen eremu batzuetan are eta larriagoa da egoera, lege markoak berak ukatzen baititu hizkuntza-eskubideak direnik ere.

Euskal Herrian Euskaraz aspaldiko aldarrikapena da gure herrian, eta guk, lizentzia txiki bat hartuz, EskolHerrianEuskaraz esakerara moldatu dugu, aldarrikapen hori geure lan eremura ekarri eta helburu duguna bertan islatu nahirik. Hezkuntzaren zutabe eta ardatz euskarak izan behar duenaren inguruan ez baitugu zalantzarik; inguruan dauzkagun beste hizkuntza eta kulturen arteko zubi, batuko gaituena, hain zuzen ere. Eta, are gehiago, argi daukagu belaunaldi berrien euskalduntzean eskolak, orain arte bezala, zeregin handia badauka ere, komunitateari, gizarteari dagokiola haur eta gazteen eskubideak bermatzetik gure hizkuntzaren eta gure kulturaren etorkizuna bermatzea.

EskolHerrianEuskarazek esan nahi du, eskolan euskara ikastetik eta euskaraz ikastetik, eskola, bere osotasunean, euskaraz bizitzera pasa behar dugula, eta eskolak ikasle euskaldunak hezteaz gainera egungo munduan eragiteko gai izango diren euskaldun eleaniztunak hezi behar dituela. Eta horrek ezinbestean hizkuntza-eredu bakarraren aldeko apostua egitea eskatzen du, murgiltze-mantentze ereduaren aldekoa.

Baina hori baino gehiago esan nahi du EskolHerrianEuskarazek. Izan ere, eskolatik at, haur eta gazteentzat euskaraz bizi ahal izateko eremu errealak irabazi beharrean gaude, eskolak egingo duen lana osatuz, eta hori herritar eta herri eragile askotarikoen partaidetza zabalaren bidez egin beharreko bidea da, non hezkuntza- komunitatea bera inplikatuta egongo den.

Gida hau da, Sortzen Elkarteak, Euskal Herriko edozein herri-auzo eta ikastetxeri, edozein testuinguru soziolinguistikotan kokatuta dagoela ere, edota edozein hezkuntza saretakoa izanik ere, eskaintzen dion tresna. Esandako ibilbide hori egin ahal izateko bitartekoa. Ikasle Euskaldun Eleaniztunak heztea ahalbidetzeko gida.