Albisteak

Eguraldi txarrari auzolan eta elkartasunarekin aurre egin diezaiogun

2019-05-20

“Euskaratik guztion eskola sortzen”  izan da aurtengo SORTZEN Jaiaren leloa, 28 urte eta gero, Sortzenek guztiona eta guztiontzat izango den eskola publiko berria eraikitzeko bidea egiten jarraitzen du. Hezkidetza, parte hartzea oinarri, eta komunitatearekin elkarlanean, haurra erdigunean jarriko duen eta  ikasle euskaldun eleanitzak bermatuko dituen hezkuntza eredua bultzatuz.

Gure urteroko festak, jaia eta aldarrikapena biltzen ditu eta aurten ere hori izan da gure nahia eta gogoa. Laguntzaile, boluntario, sortzen kide, herritar ugarik elkarlanean posible egin dute jai egun hau antolatzea.

Hasiera ekitaldian ere, herritar, agintari eta eragile askoren babesa jaso genuen, eta bereziki Paul Bilbao kontseiluko idazkari nagusia eta Nora Salbotxen hitz hartzeak zuzenean entzuteko aukera izan genituen.

Baina gure esku ez dagoen eguraldiak aurten ez gaitu lagundu eta euria izan da nagusi maiatzeko 3. asteburu honetan, eta gure egitaraua betetzea ezinezkoa izan zaigu, Basotxoko gunea, egitarauaren zati handi bat eta haurrentzako goizean zehar antolatuta genituen hainbat ekimen bertan behera utzi behar izan genituen.

Horrek, parte hartzean zein sarrera ekonomikoetan eragin zuzena izan duela aitortu beharra dagukagu, eta horren ondorioz galerak izan ditugu. Sortzen, elkarte txikia eta xumea da eta ekarpen ekonomikoa ere ezinbestekoa zaigu.

Euskara oinarri hartuta guztion eta guztiontzako eskola berria eraikitzen jarraitu nahi dugulako, bakoitzak ahal duen neurrian ekarpentxoa egin dezan honako kontu korrontea zabaltzen ari gara:

SORTZEN FESTA: LABORALA ES98 3035 0058 30 0581172598

Amaitzeko, eskerrik asko laguntzen, boluntario lanetan egunean bertan zein aurreko egunetan eta ondoren ibili zareten sortzen kide guztioi, zuek gabe oso zaila izango litzatekelako horrelako egun bat antolatzea.

Euskaratik guztiontzako eskola publiko berria eraikitzen jarrai dezagun!