Albisteak

Euskararen ofizialtasunaren alde hitza hartu dugu Nafarroako Parlamentuan

2018-09-19

Gaur, Nafarroako Parlamentuko Euskara Batzorde Berezian parte hartu dugu. Batzorde honen helburua zonifikazioarekin amaitzeaz gain, euskararentzat estatus ofiziala, lurralde osoan, lortzea da. Sortzen Elkartetik gure ekinbidea eta esperientzia eraman dugu lekuko gisa; iparra argia: Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko duen eskola. Horretarako, ezinbesteko pausua, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan.

Hona hemen gaur Parlamentuan garatutako ideiak:

Hamaika TBn egindako erreportaia

Sortzen Elkartean, euskarazko irakaskuntza ematen duten ikastetxeetako hezkuntza komunitateko kideak elkartzen gara, irakasleak eta gurasoak bereziki, baina gure eskoletako komunitate osoarekin elkarlanean aritzeko asmoarekin jaio ginen orain dela 27urte, eta horrela jarraitzen dugu. Gure elkartearen helburu nagusia, Euskal Eskola publiko berria lortzeko norabidean urratsak ematea da, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskola besteak beste.

Urte hauetan guztietan ipar horri erantzuten zioten ekinbide ezberdinak izan ditugu. Horietako bat ekarri nahi dugu gogora, aldaketa politikoa eman baino lehen etengabe landu behar izan duguna, eta gure elkartearen ildo garrantzitsuenetakoa izan dena, hau da, Foru Administraziotik (Erregimenaren alderdiek bultzatua) D ereduari ezartzen zitzaizkion oztopoei eta intoxikazio kanpainei aurre egin eta alternatibak eskaintzea, hain zuzen ere. Eta hau, euskararen lege berriaz ari garenean kontutan izan behar dugu, ezin baititugu ahaztu, euskararen erabilerari eta euskarazko irakaskuntzari urteetan zehar jarri zaizkion oztopoak eta hainbat nafarrek pairatu dugun bazterketa bigarren mailako nafartar bezala tratatuak izan garelarik.

Egun, beste lan ildo batzuen artean, Nafarroako zonalde diskriminatuan daramagun lan dinamika aipatu nahi dugu. 2015arte eskola publikoetan D eredua aukeratzea debekatua egon den zonaldean, alegia. Bertan, euskarazko hezkuntza ereduaren aldeko kanpaina egiten dugu, eta baita, bertako familiei esker sortzen diren D ereduko talde berri horiei babesa eman ere: herri askotan, oraindik orain, urteetan Erregimenak elikatutako euskararen kontrako aurreiritziei aurre egin behar izan diete famili hauek, euskararen aldeko hautua egiteagatik mehatxuak jaso ere bai, horregatik, gure elkarteak duen esperientziatik elkarlana eskaintzen diegu, izan ere, orain dela 20-25 edo 30 urte, Iruñerrian adibidez,  beste familia batzuk ere egon baitziren holako egoeretan.

Gaurko agerraldian, elkarbizitzaz hitz egin nahi dugu, hizkuntza-eskubideez eta pertsonez. Euskara Nafarroan berezko hizkuntza izaki (eta hala aitortu zuen Foru legeak berak ere),  ofizialtasuna nafar guztion eskubidea delako, bestelako interes politikoekin inposatzen zaizkigun mugen gainetik; berdin Iruñean, Kaparroson ala Lekunberrin jaio: administrazio berean, eskubide berak. Hezkuntzari aukera berdintasuna bermatzea dagokio, aniztasuna aintzat hartuaz pertsona bakoitzaren garapen osoa bermatzea eta hori ezin liteke egin hizkuntzari dagokionean  banatzailea eta baztertzailea den lege batekin.

 

-. IKASLE EUSKALDUN ELEANIZTUNAK horixe dugu helburu

. D ereduaren garapena Nafarroan

Esan dudan bezala, D ereduaren garapena Nafarroan ez da erraza izan, eta ez da erraza orain ere. Familia batzuk orain dela 40 urte hasi ziren  Iruñeko Udal ikastolan, baita Atarrabiako Atargin edota Arrotxapeako Ave Marian ere (gaur Patxi Larraintzar ikastetxe publikoa). Beraien seme-alabentzat onena nahi zuten, eta gaurko familien nahia ere horixe  da. Bidea ez zen erraza izan, oztopo asko egon ziren, baina tira, horren inguruan beste momentu batean sakontzeko aukera izanen dugu. Azken hiru urte hauetan, Nafarroako beste hainbat herritan egoera hura errepikatzen ari da, baina, orduan bezala gaur ere, zailtasunen gainetik ilusioak gidatzen gaitu gure erronkak oinarri sendoak dituela jakin badakigulako; azken 40 urteotako esperientziak horrela demostratu digu.

Gaur esan dezakegu, familia horien haurrak, eta egunero D ereduko eskoletan ikasten duten milaka ikasle nafarrak, elkarbizitzaren eredu direla. Gure herriko edota auzoko karriketara ateratzen dira, eta beraien bizilagunekin komunikatzeko eta jolasteko hizkuntza aukeratu dezakete: beraien gelako lagunekin euskaraz egin dezakete eta A-G ereduan ikasten duen bizilagun horrekin gazteleraz egin dezakete; aldiz, zuek dakizuen bezala, A-G ereduan ikasten duenak ez du gaitasun hori.

. Gaurko erronkak: Eskolherrian Euskaraz Gida praktikoa

D eredua, euskarazko murgiltze eredua, alegia, gaur, Nafarroako Hezkuntza Sistemak duen hezkuntza eredurik osatuena dela errepikatu nahi dugu, argi gera dadila.

Vascuencearen Legeak 30 urte hauetan, baita aurretik egondako 40 urteetako diktadurak ere, bere lana ongi bete duela argi dago: zonifikazioak eskubide gabe utzi ditu milaka nafar, beraien jaioterriaren arabera. Orain ordea, hezkuntza sistemak horren aurrean erantzun positiboak eman ditzakeela argi dugu, egoera horri buelta eman eta hizkuntza-eskubideen bermea, beraz aukera berdintasuna eta justizia soziala aintzat hartuko dituen marko berria eraikitzeko  ardura dugu-duzuela esan nahi dizuegu.

Gure aldetik, eta hezkuntza sisteman, Nafarroa osorako D ereduaren aldeko apostua egiteko garaia dela uste dugu . Besteak beste, hori baita bidea kalitatezko hezkuntza izan dezagun. Belaunaldi berriei, gure lurraldeko berezko hizkuntzan bizi ahal izatea ahalbidetuko dielako, hizkuntza bat gehiago ikasteak aberastu egingo dituelako, elebidun izanik beste hizkuntza batzuen ikaskuntza errazago izango zaielako, elkarbizitzarako ekarpen zinez positiboa eta eraikitzailea izango delako... Modu progresiboan egin beharko litzateke, jakina, urteetako diskriminazioari egun batetik bestera buelta ematea ezinezkoa baita; baina hori bai, helburua argi edukita: nafar guztiok eskubide berekin. Konpromiso serioak hartzeko ordua da, eta ofizialtasuna ezartzearekin murgiltze eredua bultzatzeko eta sendotzeko politika integralak beharko dira administraziotik garatu; politika aktiboak bultzatu desabantaila egoeran dagoen hizkuntza positiboki sustatuz eta horrek baliabide askotarikoak eskatuko ditu eta hala esleitu beharko dira. D ereduaren bidez, tokian tokiko errealitatetik abiatuz eta egoera bakoitzari dagozkion bitartekoak emanaz, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko lituzkeen eskola izango genuke, eta elkarbizitzan aurrerapauso nabarmena emango genuke.

Bide horretan, Eskolherrian Euskaraz Gida Praktikoa aurkeztu nahi dizuegu, gure Elkarteak azken urteotan garatu duen lanaren emaitza, ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko ikastetxeetako Hizkuntza-Proiektuak lantzeko gida praktikoa, alegia.

EskolHerrian Euskaraz izendatu genuen lana, izan ere, belaunaldi berrien euskalduntzearen ardura osoa ezin zaio hezkuntzari egotzi, gizarte osoaren ardura baita hizkuntzaren normalizazioa eta etorkizunean euskarak bizirik jarraituko duela bermatzea. Eskolan euskaraz ikasi eta bizitzea, eta, herrian ere euskaraz bizi ahal izatea, hezkuntza komunitateak herri eragile askotarikoekin zein udal administrazioekin burutuko lukeen elkarlanetik etorriko da. Administrazio nagusiari legokioke prozesu horren helburu eta garapena bere egin eta behar liratekeen baliabideez hornitzea.

.- ONDORIOAK

. Euskaraz bizi ahal izatea  Nafarroako herritarren eskubide bat da, D ereduan ikastea den bezala eta horren bermerako ofizialtasuna ezarri behar da herrialde osoan, beraz behingoz bidea eman behar zaio, denon ardura, parlamentarien ardura historikoa da.

 

.Pertsonen, herritarren eskubideez ari garela gogoratzen dizuet: Sesmako D ereduaren inguruan hitz egiten duzuenean, edota Barasoain, Kaparroso, Azkoien, Erriberri, Alloko familiak aipatzen dituzuenean, .. baztertuak izan diren familiak direla gogoratu, beraien seme-alabentzat hoberena, kalitatezko euskarazko irakaskuntza aukeratu nahi izan duten familiak;  eta baita Nafarroak gaur duen Hezkuntza Eredu hoberenean, osatuenean, lan egiten duten profesionalak (irakasleak eta bestelako hezkuntza-langileak) ere.

 

. Errealitate soziolinguistikoak itxaropenerako aukera ematen digu. Datuak begiratzea besterik ez dugu. Bestelako irakurketak egitea, iruzurra egitea besterik ez da: 40 urteetako diktadura baten ostean, eta Vascuencearen Legeak ezarritako zonifikazioaren 30 urteren ondoren, nondik abiatzen garen argi dago. Baina iparra ere argi dugu:  euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan ezartzearekin batera,murgiltze ereduaren ezarpen progresiboa ziurtatu behar da herrialde osoan; modu horretan, Nafar biztanle guztiok, behingoz, eskubide berak izanen ditugu hizkuntzari dagokionean.

Bideoa ikusteko EGIN KLIK HEMEN