Albisteak

Milaka pertsona ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen Auzo Bizi Onaren Eskolaren alde

2018-05-22

SORTZEN JAIA 2018KO EKITALDIKO IRAKURKETA

Egun on hezkuntza komunitateko kideak, eragile politikoetako ordezkariak, sindikalak, sozialak, euskalgintzakoak! Egun on!

Ikasturte osoa eman dugu “Egun on” adierazpena banderatzat hartuta. Eta gainera, pasa den ikasturtean Sortzenen itsasontzira igo zen Ikaskilori laguna batu zaio: Euskarakilo. Auzo Bizi Onaren Eskola amesten du Ikaskilok; horretarako Hezkuntza Burujabetza du tresna. Euskarakilok Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortuko dituen eskolarekin egiten du amets. Euskarazko murgiltze eredua da gurea, D eredua. Baina hezkuntza bera bezala, etengabeko egokitzapenean egon behar duen eredua izan behar du. Zentzu honetan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, erronka berrien aurrean gaude, txikitik handira, gure Hezkuntza Sistema Burujabea gertuago izateko eta marrazteko aukerekin. Hemen, argi dago, hizkuntzarena, marra gorria dela, Hezkuntza Sistemak bermatu behar duen gaitasuna, alegia: ikasle euskaldun eleanitzak.

Euskara, hizkuntza, guretzat haizea da, ezin da ebaki, ezin zaio harresirik jarri. Baina errealitatea askoz gordinagoa da. Ofizialtasunak ez digu asetzen; eta Vascuencearen Legearen 30 urte hauetan, pitzadura sozial bat besterik ez du lortu. Hor kokatzen dugu Euskal Eskola Publiko Berriaren marra gorria, mugen gainetik, zonifikazioen gainetik, elkarbizitzaren alde. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan oinarri gisa, gehiago ezin duen itxaron aldaketa da hau. Orain dago pilota Parlamentuko teilatuan. Ez dezagun gal aukera!

Hizkuntzaren mugak aipatuz, Kataluniaren murgiltze ereduko ispiluan begiratu izan gara askotan. Elkarbizitza ereduaren erreferente argia. Eta nola ez, nabariago sentitu dute katea bidea egiten hasi direnean. Eta kateak jendarte burujabe baten oinarrietako bat ito nahi izan du: Kataluniako Hezkuntza Sistemak duen altxorretako bat, bere murgiltzen eredua, alegia. Horregatik, Sortzen Elkartetik, ozen oihukatu nahi dugu: No deixarem mais d'enseyar la llengua!

Bultza dezagun ba, Hezkuntza Burujabetzaren bidean, gure seme-alabentzat hezkuntza sistema onenaren alde, belaunaldi berriak heziko ditue eskola eraldatzailearen alde, Auzo Bizi Onaren Eskolaren alde. Eskoletan antolatu, elkartu, hausnartu eta eragin. Egun ona pasa ezazue!

 


 

JAIETAKO ABESTIEKIN EGINDAKO MEZU POETIKOA

TXINBILIN TA DANBALAN, HERRITIK JAIOA, denon eskola

Egun on, eguna esnatu eta koloretako izpi bat sortu zait ezpainetan. Sortzen Festa iritsi da, pozez betetako eguna, zatoz gurekin laguna. Guraso maisu eta ikasleak, txirrindula baten gainean. Bizi ezazu euskal eskola, euskal eskola bizia, gurea. Bai gu bai gu bai gu bai gara … Uharteko piratak gara gu. Egin dezagun denok denontzat txalupa, eta abia gaitezen itsas zabalera. Haur eta gurasoak hemen dugu lana, ongi etorri etorkinak denonen auzolan. Txunda txunda txundata, hizkuntza hezkuntza. Txinbilin ta danbalan, herritik jaioa, denonen eskola. Traka traka traka, da gure matraka, herri eta auzoka, bagoaz pausoka, mezua zabalduz, horrelakoa da bizitzaren soka. Sortaldetik mendebaldera, ifarretik hegoaldera, sorgina da sortzen duena, eta horrela gu bizitzen gara, sortuz ta sortuz gure aukera, mila bihotz ta xede bera: euskal eskola publiko berria ! Euskararen Herria aurrera!

Askatasunean, elkartasunean, sortu genuen euskal  eskola publikoa, herritar, gurea eta kritikoa. Adreiluak jarri ziren arren, barruko bihotza falta zen eraikitzea. Maitasun izpiz bete paretak, lagunen artean euskaraz. Eskola Berria sortzen, herri bat sortzen. Gure eskuetan dago geroa. Harriz harri, etorkizuna eraikitzen. Eskola jaio zen kolorez bustiz. Lau paretetan, hamaika bizipen. Baina adreiluek ez dute gure eskola altxatu, auzolanean hazitako ilusioak baizik. Eskolan eman zutenek lehen pausoa, martxan jartzen dute gerora auzoa. Haize berritu auzo ta lan, auzotik klasera, klasetik kalera.  Auzoan lan ta lan, mundua aldatzera goaz, sentituz sortu, disfrutatu, putzuan salto egin. Ez zaitugu utziko kanpo, entzun dadila herriaren algara, motel goaz baina urrun ailegatuko gara. Bertan jaio direnak, kanpotik etorriak, itsu, mutu, gorrak, baita hitzontziak, parekideak denok, neska ta mutilak, orain ozeanoa da gure etxe berria. Oroitzen eskola, patioa, parkea? Gauzak ukitu eta apurtu, kolorekin margotu, gero ezabatu. Soinketa, plastika, matematika, gure sormenak behar du ekintza. Hau da Auzo Bizi Onaren Eskola.

Eskola herria da, tantaz tanta, harriz harri, biharko herri. Haizeak eragin errota, errotak eragin harria. Goazen euskarari bidea eginez, ez dago mugarik, ezetz! Koloretako tren zaharra berrituko dugu, denontzako izango da leku. Bakoitzak badugu gure Gernika pertsonala, ispiluko zati guztiak gara. Euskara da gure zuhaitza, ta gu bere haziak. Iluntasunak ez dezala itzali bere argia, eh!!? Zu zara ura eta eguzkia, zuk ematen diozu bizia zuhaitzari, fruituak eman ditzan. Hitza naiz bizitza, hobe da anitza. Mundua ederra da kolorez jantzita. Erabili hitza, euskaraz mintza. Eskola eredu berri bat sortzen gabiltza, Hezkuntza Burujabetza da giltza.

AURRERA EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA!