Albisteak

#EgunOn Sortzen Jaia 2018: Maiatzaren 13an Gayarren Antzokian eta 20an Antoinutti Parkean

2018-05-09

Datozen bi igandetarako ekimenak aurkezten ditu Sortzen Elkarteak gaurkoan. Alde batetik, datorren igande goizean, maiatzaren 13an, Iruñeko Gayarre Antzokian burutuko dugun “Egunon eskoletatik antzokira!” ekimen-ikuskizunaren nondik norakoak azaldu nahi ditugu. Eta bestetik, maiatzaren 20an Iruñeko Antoniutti parkean burutuko dugun jaiaren egitaraua aurkeztu nahi dizuegu ere.

Urtarrilean aipatu genuen aurtengo ikasturtean “EgunOn” adiera askotan erabiliko genuela, eta ez da kasualitatea. Egun on bat opatzeaz gain aldarrikapen moduan ere erabili nahi izan dugun adiera da EgunOn!

EgunOn!, eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikapen gisa, edo eta eguna euskaraz hasi nahi duen orok hasteko aukera duela adierazteko modu gisa. Dakienak erabiltzeak duen garrantziaren adiera gisa. EgunOn!, egunak euskaraz ere bizi nahi ditugula adierazteko modu gisa. Euskarakilok, ikasle euskaldun eleaniztunen eskolarekin amets egiten duen barraskiloa, bat egin du Ikaskilorekin, Auzo Bizi Onaren eskolarekin amets egiten duen barraskiloarekin, pasa den urteko Jaiko protagonista, alegia.

Hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen urrats berriak ematen jarraitzen dugun honetan, bai euskararen lurralde osoa barnebilduko duen ofizialtasuna aldarrikatuz, bai D eredua diskriminazio guztien gainetik zabalduz, eta abar. Eta, noizbait, trabarik gabeko euskaraz bizitzeko eskubidea nahi badugu, etorkizunari begiratuz, eta erronka berriak begiztatuz: gaur egungo Hezkuntza Ereduen letra zopa gaindituz, denona den euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza ereduaren zabalpena esaterako, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen hezkuntza eredua, alegia. EgunOn! aldarrikatzailea da gurea beraz.

 

Klik egin: M13 ESKOLETATIK ANTZOKIRA Gayarre Antzokian

 

Klik egin: M20 SORTZEN JAIA 2018 Antoniuttin [EGITARAUA]

 

Sortzen Elkartea

2018ko maiatzaren 9an

Iruñean