Albisteak

Apirilak 15, Besarkatu ekimena Erriberrin

2018-03-13

D eredua Nafarroa hegoaldean irekitzea lortu duten familiei besarkada.

Gaur Erriberriko Gazteluaren gerizpean, Nafarroako zonalde diskriminatuan, orain dela bi urte arte ezinezkoa zena errealitate bihurtzen ari garen familiak elkartu gara. Seme-alabentzat euskarazko murgiltze-eredua aukeratzeaz ari gara; hain zuzen ere, gure herriko ikastetxetan D eredua zabaltzea lortu dugun familiak gara.

Pasa den ikasturtean Kaparroson, Tafallan eta Lodosan irekitzea lortu zen. Aurten Antzingo, Alloko eta Erriberriko eskoletan hasi gara euskarazko murgiltze-ereduan. Eta azken aurrematrikulazio kanpainako datuekin jakin dugu, datorren ikasturtean Barasoaingo eta Azkoiengo eskoletan irekiko dizkiotela ateak D ereduari.

Sortzen Elkartetik, zorionak guzti guztiei! Eta mila esker egin duzuen hautuarengatik. Sortzenentzat, euskarazko murgiltze-eredua da Nafarroako Hezkuntza Sistemak duen eredurik osoena; elkarbizitzarako eredua, alegia.

Horregatik ari gara familia hauekin batera egunerokoan lanean. Aurten, Haizea Dinamika abiatu genuen, D ereduko lerro berriei babesa eman eta indartzeko: euskarazko jolas tailerrak familientzat, aurrematrikulazio kanpaina berezia, etab. Eta gaur aurkezten dizueguna: BESARKATU ekimena.

Apirilaren 15 igandean eta goizean zehar, Besarkatu eguneko jai giroaz gozatu ahal izango dugu Erriberrin eta, 13:00etan, Teobaldotarren Plazan elkartuko gara Ekitaldi Nagusian orain arte D eredua aukeratu ezin zuten herrietako familiekin batera, euskara eta euskarazko murgiltze-ereduari besarkada bat emateko. Besarkada horrekin, familiei berotasuna helaraziko diegu, kasu askotan euskararen kontrako aurreiritziei aurre egin behar diote eta. Bestetik “zorionak” erraldoi bat helaraziko diegu. Haiei esker, Nafartarrok, urte luzez debekatua izan zaigun Nafarroako hizkuntza berreskuratzeko ate berriak irekitzen ari baikara.

Bukatzeko, aurten, Erriberri bezalako herrietatik egiten ari diren ahalegina ere plazara ekarri nahi dugu. Gogoratu nahi dugu pasa den ikasturtean, Nafarroako 40 udalerri baino gehiagok, Erriberri barne, “eremu ez-euskaldunetik” “eremu mistora” pasatzea lortu zutela. Vascuencearen Lege diskriminatzaileak ezartzen duen zonifikazioaren paretean zirrikitu berri gisa baloratu genuen bere garaian. Eta horrela irudikatuko dugu apirilaren 15ean, herria eta eskola, euskarari bidea ematen, Nafarroa osoan, mugarik gabe.

*Oharra: mila esker Erriberriko Udalari egun hau antolatzeko eskaini digun laguntzarengatik.