Albisteak

Sortzen Elkarteak EAEko Hezkuntza Sailaren dokumentuaren gaineko lehen iritzia plazaratu nahi du

2018-02-06

EAEko Hezkuntza Sailburuak “Hezkuntzaren aldeko Akordioaren Oinarriak” izendatu duen dokumentua aurkeztu zigun atzo eragileoi Lakuan.

Sortzen Elkarteko kideok, dokumentuaren edukiak aztertzen hasita gaude erronka garrantzitsu honek eskatzen duen ahalegina eta ekarpena egin asmoz, halere, gure lehen inpresioa eta iritzia plazaratzea garrantzitsua iruditu zaigu.

Horretarako, akordioa lortzeko prozesu hau aurkeztu zitzaigunean adierazi genituen zenbait gauza gogoratuz hasi nahiko genuke: batetik, gure herriak Hezkuntza eremuan Akordio zabala behar zuela esan genuen, eta gainera, akordio horrek, bere helburu eta irizpideetan, nazio izaera edukitzea ezinbestekoa zela. Adierazi genuen baita ere, gure errealitate eta beharretatik abiatuta eraiki nahi dugun hezkuntza sistema antolatzeko hezkuntza burujabetza behar dugula, hau da, eragile, herritar eta erakundeen artean lortutako adostasunak egikaritu ahal izateko borondatea eta ahalmena, hain zuzen ere. Bestetik, eta, norabide horretan kokatuta esan genuen akordio zabal hori lortzeko prozesuak zabala eta erabat parte hartzailea behar zuela izan, eta zentzu horretan, kritiko azaldu ginen Lakuan egindako lehen bileran aurkeztu zitzaigun goitik beherako metodologiarekin, besteak beste.

Gure ustez, prozedurak ez du bermatzen partaidetza zabal hori; bost lan taldetan hezkuntza sailak izendatu dituen adituak egin duten ekarpenaren ostean, hezkuntzan gabiltzan eragileok eta euskal herritarrek, oro har, hamabost egun izango ditugu dokumentua aztertu eta ekarpenak egiteko. Nabarmena da, ez direla hezkuntza komunitatearen baitan ez gizartean prozesu parte hartzaile baterako baldintzak horiek. Irudi lezake ez dagoela benetako interesik herritarren gogoeta eta ekarpenak entzun eta jasotzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sailburuak, behin eta berriz esaten du guk gure bidea egin behar dugula, prozesu hau abiapuntua dela akordioaren oinarriak adostu eta etorkizuneko hezkuntza sistema eraiki ahal izateko eta denon ardura partekatua dela hori egitea. Eta gu ados gaude horrekin, baina, era berean, kezkatu egiten gara, LOMCE hor dagoen zerbait dela eta horren aurrean Gasteizko gobernuak ezartzen dituen errekurtsoez harago, ezer ezin dezakegula egin entzuten diogunean. Nola planteatzen du, orduan, hemen, denon artean adostuko genukeen Akordio hori gauzatzea? Nola gure hezkuntza sistema eraikitzea Madridek ezarritako marko legala, beti, sabaia denean? Galdera honek erantzunik gabe jarraitzen du oraingoz. .

Atzo, Lakuan ahoz egin zitzaigun aurkezpenean lan taldeetan adostu diren printzipio orokorrak azaldu zizkigun Uriarte andereak. Horietako askorekin adostasun osoa adieraziko genuke gehiegi pentsatu beharrik gabe. Baina printzipio horiek paperean geratu ez daitezen, aitzitik, garatu eta bete daitezen zein baliabide, zein tresna eta zein egutegi behar diren zehaztu beharko da, edo prozesuak berak sinesgarritasun osoa galduko du.

Hizkuntzen atalean, besteak beste, ikasleen irteera profila zehaztu da, duela ia 10 urte Kontseiluak aurkeztutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamenean planteaturikoa jasoaz eta positiboki baloratzen dugu hori, baina, irteera profil hori lortzeko oztopo nagusia den hizkuntza ereduen sistema bertan behera uzteko asmorik ez da inon ageri. Are gehiago, gaur irratian Cristina Uriartek esandakotik uler zitekeen B2 maila etorkizunerako ametsa-helburua dela eta, bitartean, ahal den tokietan ezarriko litzatekeela baldintzen arabera eta ez sistema osoan. Hau da, behar handiagoa dagoen tokietan baliabide gehiago jarri beharrean helburuak jaitsi. Hori ez da bidea gure ustez, eta horrela ezin da euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen hezkuntza sistema garatu, inolaz ere ez.

Euskal Hezkuntza Sistemaren gaineko akordioak ezinbestean jaso beharko du Ikasle Euskaldun Eleaniztunak bermatu litzakeen eredu orokortua, bestela ez da idatzita dagoen helburua lortuko.

Badago zer egin, zer zehaztu eta zer zuzendu. Sortzen Elkarteak egingo du bere ekarpena aipaturiko norabidean eta dokumentuak jasotzen dituen alor guztiak banan banan zein ikuspegi integral batetik aztertuz.