Albisteak

NUPek euskaraz ikasteko eskubidea bermatze bidean, Erizaintza euskaraz orain!

2018-01-30

Osasunbideko erizaina:

Bakartxo naiz eta Osasunbideko erizaina naiz. Urtetan ez da neurri eragingarririk hartu osasun alorrean herritarrak euskaraz atendituak izan daitezen. Aintzat hartuz zerbitzu publikoak direla hauek, Nafarroako Gobernuak erantzukizun zuzena dauka honetan.

Profesionalek zerbitzua emateko derrigorrez jakin behar daute gaztelaniaz, baina ez zaie maila berean eskatzen euskaraz jakitea. Honen adierazle esanguratsua da Osasunbidean, langile euskaldunen kopurua %0,5era ez iristea. Zehazki, Nafarroako Ospitale Gunean ez dago euskarazko profila duen lanpostu bakar bat ere. UPNren gobernuak LEP Lan Eskaintza Publiko bana egin zuen 2007an eta 2009an Osasunbidean: deialdi horietan ateratako 1.500 lanpostuetatik, 10etan bakarrik eskatzen zen euskararen ezagutza. Bestalde, Gobernu berriak 2017-9-25ean egin duen erizainen LEPan Alemana, Ingelesa eta Ingelesari 2 puntu ematen dizkio Nafarroa osoan. Euskarari, aldiz, 0 puntu eremu ez euskaldun deiturikoan, 1,17 puntu eremu mistoan eta 2,34 puntu eremu euskaldunean. Baina ez da derrigorrezkoa.

Herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubidea ezin da bermatu horrelako neurriekin. Ezta langileok euskaraz lan egiteko dugun eskubidea ere. Eta horrek eragin zuzena du eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean.

Egoera hau aldatzeko, bi dira urgentziaz hartu beharreko neurriak:

  • Hizkuntza eskakizuna duten lanpostuak ezartzea.
  • Lan hori euskaraz egingo duten profesionalak prestatzea. Horretarako, lehentasunezkoa da bai lanbide heziketan, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan (diru publikoz finantzatua den neurrian) osasungintzarekin zerikusia duten ikasketak euskaraz eskaintzea. Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzea lehentasunezkoa da.  

 

NUPeko ikaslea:

Oihana naiz eta NUPen erizaintza gradua egiten ari naiz.  Unibertsitatera iritsi arte nire ikasketak euskaraz egin baditut ere, ez dut aukerarik izan Nafarroan bertan erizaintza gradua euskaraz egiteko. Benetan deigarria da afera hau. Izan ere, gaurko ikasleak biharko profesionalak gara. Eta Unibertsitate Publikoan euskaraz formatzen ez gaituztelarik, ondotik osasun publikoan zerbitzua euskaraz bermatzea zailtzen da. Ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen eta osasun zerbitzuaren kalitatea eskasten. Larriagoa da afera, aintzat hartzen badugu NUPen erizaintza graduan matrikulatuak gauden ikasleen erdiak baino gehiago euskaldunak garela. Eta oraindik eta ulergaitzagoa, gaur gaurkoz gradu osoan soilik bi ikasgai euskaraz ikasteko aukera izatea.

Nola uler liteke hau guztia zerbitzua emateko hizkuntzak duen garrantzia aintzat hartzen badugu? Izan ere, Munduko Osasun Erakundearen arabera, osasuna erabateko ongizate fisiko, psikiko eta soziala da. Hizkuntza dugu komunikaziorako, eta hoberen menperatzen dugun hizkuntzan artatuak izatea ezinbestekoa da osasun arloko profesionalarekin konfiantza eraikitzeko eta diagnostiko egoki bat egiteko.

 

EHUko ikaslea:

Ni Aitor naiz eta Iruñekoa naiz. Oihanak bezala nire ikasketak euskaraz egin ditut Unibertsitatera iritsi arte. Erizaintza euskaraz egin nahi izan dut eta Nafarroan horretarako aukerarik ez dagoenez, Leioara joan behar izan dut karrera egitera. Aukeran, Iruñean bertan nahiago nuen. Izan ere, bertakoa naiz, Unibertsitatea Publikoa dugu hemen eta, gainera, erizaintza gradua ematen da. Baina astero atzera eta aurrera ibili beharra dut, diru publikoa jasotzen duen Unibertsitateak ikasketak euskaraz eskaintzen ez dituelako. Honek gurasoei urtero diru ahalegin handia egitea eskatzen die. Ez da justua, haien zergak hemen ordaintzen baitituzte, baina semeak ezin du bertako Unibertsitate Publikoa baliatu, kanpoan ikasi beharra du. Ez al da zentzugabea? Areago ikustea NUPek bere plan estrategikoan ikasleak erakartzeko ildoak definitzen dituela, bertoko ikasleak uxatzen gaituenean graduak euskaraz ez eskaintzeagatik

 

Adierazi guztiengatik, NUPen ERIZAINTZA EUSKARAZ eskain dezaten lortzeko dinamika aurkeztu nahi dizuegu gaur. Ikasleak, gurasoak, langileak, euskalgintza eta euskaltzaleok, oro har, gaude dinamika honetan. Publikoki NUPi eta Nafarroako Gobernuari egoera tamalgarri hau iraultzeko urratsak ematea eskatzen dugu gaur, baita bide horretan elkarlanean aritzeko dugun prestutasuna adierazteko ere.  Eta datozen hilabeteotan hori egia bilakatzeko buru belarri jardungo dugu.

 

Ikasle Abertzaleak, Hizkuntz-Eskubideen Behatokia, LAB, ELA, STEILAS eta Iruñeko Euskalgintza