Albisteak

#EskolHerrianEuskaraz Gida Praktikoa kalean da, erabil dezagun

2017-12-02

Gaurkoan #EskolHerrianEuskaraz Gida Praktikoa aurkeztu du Sortzen Elkarteak. Ekitaldia Dimako Eskolan izan da, eta bertan izan dira, besteak beste, prozesuan zehar parte-hartu duten pertsonak (ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak) eta euskara zein hezkuntza esparruko hainbat eragile.

Sortzen Elkartearen irakurketa #EskolHerrianEuskaraz Gida Praktikoaren aurkezpen ekitaldian:

"Eguerdion, eta eskerrik asko gaur Dimara etorri zareten guztioi Sortzen Elkartearen izenean.

Baina eskerrak ematekotan, Ugarana herri eskolari, Aitor ikastolari eta Dima zein Egiako auzo/herritarrei eman nahi dizkiegu, izan ere, urteotan egin duten ahalegina, lana eta jarri duten ilusio eta gogorik gabe ez baikinake gaur hemen izango.

Gaurko eguna garrantzitsua da Sortzenentzat. Orain ia 10 urte Kontseiluak IEE proposamenarekin hazia jarri zuen, eta Sortzenek hazi hori ereiteko lur eremua prestatu, ureztatu, jorratu eta zaintzeko lana hartu zuen beregain, denborarekin landare eder bat loratuko zenaren itxaropenez.

Dima eta Egia hautatu genituen esperientzia praktikoak abiatzeko, teoria praktikara eramateko, eta gure landarea hazteko lur gozoa aurkitu genuen batean zein bestean.

Gaurkoan, egindako lanaren emaitzarekin gatoz. Kontseiluaren eskutik sortu zen proposamenaren gakoak praktikan jartzen hasteko bidea badagoela erakusten duen emaitza eta, guk geuk behetik gora, hezkuntza-komunitatea eta herri eragileak elkarlanean jarrita egin dugun bidea, hain zuzen ere.

Eta izan ditugu bidelagunak ere prozesu horretan, Kontseilua bera eta Elhuyar zein Huheziko aholkulariak eta adituak, besteak beste, eta beraien ekarpena ere azpimarratu nahi dugu hemen.

Esperientzia pilotuekin hasi ginenean helburu bikoitza jarri genion geure buruari: alde batetik, Dima eta Egian Hizkuntza Proiektu berrien berridazketa eta, bestetik, prozesuan zehar ikasitakoa erreferentzia teoriko gaurkotuekin osatu eta Euskal herriko edozein tokitako ikastetxeentzako lanabes berria sortzea.

Horixe da gaur aurkezten dugun Gida, bakoitzak bere errealitatera ekarrita ikasleak euskaldun eta eleaniztun hezi daitezen bidea egiten hasteko tresna.

Kontseiluaren IEE proposamenak gako garrantzitsuak jaso zituen, bai marko legalari zegozkionak, zein arlo pedagogikoari, soziolinguistikoari etab.

Gogoetaren oinarri oinarrian zegoen euskara hizkuntza gutxitua dela bere lurralde osoan eta edozein proiektu garatzeko hortik abiatu beharra daukagula.

Eta abiapuntu horrekin eraiki genuen gure prozesua geuk ere.

Euskal Herrian belaunaldi berriak euskaldun osoak eta eleaniztunak izan daitezen ziurtatzea dagokigu. Euskaraz bizitzeko gai eta, era berean, munduan zehar, era autonomoan ibiltzeko gai izan daitezen ziurtatzea.

Eta dagokigu esaten dugunean ez gara eskolaren arduraz ari soilik. Ardura hori euskal gizartearena da izan, belaunaldi berrien eskubide oro bermatzea, hizkuntza-eskubideak barne, erantzukizun kolektiboa den heinean.

Hezkuntza sisteman ekarpen handia egin zaio euskalduntze prozesuari, ezagutzaren ikuspegitik batez ere, baina, jakin badakigu, ikerketa ezberdinek ere hala baieztatu dutena: hizkuntza ereduen sistemak ez duela ikasleen euskara gaitasuna behar bezala bermatzen, ezta D ereduak berak ere; eta hori gazte horien etorkizunerako zein euskararen normalizaziorako larria da, benetan.

Are gehiago, euskarak ofizialtasuna aitortuta ez duen eremuetan eskubide urraketa nabarmena bizi dugu euskaldunok edo euskaldundu nahi duten euskal herritarrek, euskaraz ikastea bera maiz ezinezko izateraino, horrela, hizkuntza- eskubideen urraketak maila ezberdinetako euskal herritarrak sortzen ditu etengabe gure herrian.

Dena den, ondoen eginda ere, eskolak egiten duen ahaleginarekin ez da nahikoa haur/gazteak euskaraz bizi daitezen. Ikasleak komunitatearen parte dira, komunitatearen baitan bizi dira, beraz, ezinbestekoa da euskalduntze prozesu horretan auzo/herria inplikatzea euskararentzako eremu berriak zabalduz joateko.

Hain zuzen ere, ardatz horren garapena da aurkezten dugun Gida honen bereizgarri nagusia, hau da, HP egiteko prozesu integrala da proposatzen duguna, proiektu bakarra, herri eta ikastetxearen artean elkarlanean garatzekoa.

Oinarri horietatik abiatuta, ikastetxeen hizkuntza proiektua garatzeko lana, euskararen aldeko lana beste ikuspegi batetik planteatu dugu: haur/gazteen behar eta eskubideen ikuspegitik eta denon artean bermatu beharko genieken etorkizun oparo baten ikuspegitik, hain zuzen.

Hala, herriaren aspaldiko aldarrikapena, Euskal Herrian Euskaraz, gure eremura ekarri dugu eta EskolHerrianEuskaraz marka sortu dugu, oso ondo jasotzen baitu gure proiektu honen funtsa: eskolan euskaraz ikasi eta bizi nahi dugu eta euskara ardatz izanik eleaniztun bilakatu; herrian euskaraz bizi nahi dugu, eta euskara hizkuntza ezberdinetako hiztunentzako zubi izatea.

Eskolek eta herriek elkarlanean espazioak eta kontzientziak irabazi behar dituzte euskararentzat, euskaldunontzat eta euskaldun berriak izango direnentzat, herri honen etorkizuna diren gaurko haur eta gazteentzat.

Xalbadorrek kantatu zuen bezala, Herria da gorputza eta hizkuntza da bihotza.

Izan bedi euskara batzen gaituena, denona den altxorra, euskal kultura transmititzeko bitartekoa, gure egunerokoan lanabesa, komunikaziorako tresna, euskal herritarron bizi hizkuntza.

Eskerik asko denoi"