Albisteak

Murrizketak? Ez, eskerrik asko! Guk, Hezkuntza Burujabetza

2017-10-18

Sortzen Elkartetik, ostiralean Iruñean deituak dauden mobilizazioen aurrean zenbait puntu argi utzi nahi ditugu:

  • Nafarroako Hezkuntza Departamenduari, guk ere, erregimenak urteetan egindakoari buelta emateaz gain (murrizketak, euskararen kontrako arazo zuzenak, LOMCE a la Navarra … ), Hezkuntza Sistema Propioaren alde benetako apustua egitea eskatzen diogu, Madrildik ezarritako kuota, zabai, lege, eta bestelako inposizioen gainetik. Horrela aurkeztu genizkien duela bi urte Departamenduko buruei gure ustez premiazko neurriak direnak eta, horretarako, elkarlanerako disposizio osoa genuela argi utzi genien: LOMCE gelditzea, landa eremuko eskolen dekalogoa betetzea, euskarazko eskaintza hezkuntza ziklo guztietan bermatzea, aniztasunaren trataera jorratzea, murrizketa politika bertan behera uztea, inbertsioa handitzea eta azpiegiturak hobetzea, … zerrenda luzea da. Guri ere, gehiengo sindikalari bezala, pazientzia agortu zaigu. Informazio gehiago: http://www.sortzen.eus/eu/Albisteak/20150918/Nafarroatik_Eskola_Publiko_Berria_Sortzen

  • Zentzu horretan, bat egiten dugu gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS) erakusten duen mobilizatzeko beharrarekin. Horrela ikusi dugu beste zenbait kasuetan, eta argi geratu da Hezkuntza Komunitate osoaren mobilizazioa eta konpromisoa ezinbestekoak direla, alde batetik, nahi eta behar dugun eskola eredua eraikitzeko eta, bestetik, etengabe pairatzen ditugun inposizio eta zentralizazio erasoen aurrean erantzun eraginkorrak eman ahal izateko. Eskolaz eskola, herriz herri, behetik gora, lekuan lekuko errealitate eta beharrei erantzungo dien eskola baten alde; txikitik handira, eskolaren autonomiatik Hezkuntza Sistema Propiora; Hezkuntza Burujabetza.

  • Sortzen Elkarteak, aipatutako bidea jorratzeko indarra eginen du, Hezkuntza Burujabetzaren alde, Estatuetatik edota logika neoliberalak altxatutako hormen gainetik. Eta berriro, eskua luzatzen diegu sindikatuei indarrak biltzeko, eta baita Nafarroako Departamenduari ere, aipatu dugun norabidean urratsak emateko.