Albisteak

Santutxutik Azaroaren 28rako deialdia

2015-10-20

Briñas Eskolako eta Karmelo Ikastolako lagunek "LOMCE eta Heziberriren kontra eta hezkuntza sistema propioaren alde" kalejira egin zuten ostiralean, urriak 16, Santutxuko kaleetan barrena. Bertan, azaroaren 28an, Hezkuntzen Plataformen Topaguneak deituta Euskal Herriko hainbat hiriburutan egingo den aldarrikapen egun nazionalean parte hartzeko deia luzatu zuten.

Santutxuko Karmelo Ikastolatik irten zen kalejira musikatua 16:45ean. 'Inposaketarik ez! Guk, orain, hemen gure hezkuntza eraiki' goiburupean, eta auzoko kale nagusiak zeharkatu ostean, Ricardo Bastida plazan izan zuen amaiera martxak 17:00ak aldera. Ibilbidean Karmelo Ikastolako ume, guraso eta langileek Briñas eskolan egin zuten geldialdia bertako kideekin bat egiteko.

Kalejira bukatzean, Ricardo Bastida plazan, Briñas Eskola eta Karmelo Ikastolaren izenean komunikatua irakurri zuten. Gogora ekarriz, iaz, LOMCEren zein Heziberriren kontra hainbat ekimen, asanblada eta mobilizazio antolatu zituztela ikastetxeetan, zein auzoan, administrazioari eta herritarrei haien iritzi eta jarrera adierazteko. Adibide bezala jarri zuten "iragan maiatza-ekainean, 3. mailako azterketari egindako plantoa".

Egungo egoeraren aurrean, adierazi zuten, "zoriotxarrez, aurten ere, LOMCEren ezarpena ikastetxe guztietan inposatzen" ari direla. Beraz, 3. eta 6. mailatan eta ikastetxe guztietan izango dutela "plantoaren erronkari heldu beharra".

"Kalera irten eta LOMCE-Heziberriren aurka mobilizatzeko" arrazoiak dituztela argudiatu zuten eta beraz, "inposaketen kontra tinko jarraitzeko asmoa" erakutsi zuten: "Jauzia emateko unean gaudela deritzogu. Gure hezkuntza ereduan, urratsak ematea ahalbidetuko duen proiektuen eraikuntzari eta saretzeari ekiteko unea da". 

Bukatzeko, azaroaren 28an, Hezkuntzen Plataformen Topaguneak, hezkuntza eragile ezberdinen babesarekin, deitu duen aldarrikapen egun nazionalean parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian mobilizazioak egingo dira eta plataformatik, azaroaren 28an "Bilboko kaleak hartu eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzearen aldeko uholdea" eratzeko deia luzatu zuten.

BIDEOA