Albisteak

Nolako Hezkuntza, halako Herria!! #LOMCEriEz

2015-05-28

Nafarroan Indarrez erantzun genion 3. mailako frogaren inposaketari eta oraingoan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ikasleen txanda heldu da.

Hezkuntza Saila aste honetan hasi da 3. mailako froga diagnostikoak burutzen. LOMCEk agindutako frogak hain zuzen ere. EAEko hezkuntza sailak ez du ausardiarik izan gauzak aldatzeko eta men egin dio Madrili kanpora begira beste irudi bat emanez.

Maiz entzun behar izan dugu legea ez betetzeak ondorio kaltegarriak ekarriko lizkigukela. Baina LOMCE betetzeak, LOMCE aplikatzeak gure seme-alabei gure ikasleei, gure herriari, ekarriko dion kalteaz jabetzen al gara? Guk uste dugu, modu eraikitzaile batean, gure eskubide kolektiboak defendatzeak eta aldarrikatzeak merezi duela. LOMCE gelditu egin behar dugu, eta gure hezkuntza sistema propioa eraiki.

Nafarroako eta EAEko gobernuak LOMCEren aplikazioa modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabalduz aritu dira. Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak azterketak egiten hasi diren egunean bertan baieztatu du probak egiten hasiak direla. Hori bai, orain arteko jarrerari eutsiz, ez du esan non eta noiz egingo diren.

Jarrera honekin haien helburua, lege honen kontrako mugimendua ekiditea baldin bazen, justo kontrakoa lortu dutela esan behar diegu. Gasteizetik “lasaitasun” mezuekin desmobilizazioa lortu nahian ibili badira ere, azken egunetan  oso argi ikusi dugu hezkuntza komunitatea inposaketa hauen aurrean, elkartu eta erantzuteko gai dela.

Entzun, entzun dugu Cristina Uriarte andereak esandakoa: Ez dira errebalidak, diagnosi frogak dira, 30 ikastetxeetan bakarrik egingo da,…. Eta guzti hori egia bada ere, erdi ipurdiko egiak gezur galantak izaten dira.  Froga hauek LOMCEk edota HEZIBERRIk inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausua dira. Hezkuntzan egin nahi dituzten beste aldaketa guztiak bermatzeko ezarritako errebaliden lehen pausua hain zuzen ere. Eta horrek ikaragarri arduratzen gaitu.

Uriarte andereak, aldiz, ez omen ditu eragileek eta hezkuntza komunitateak LOMCE legea onartu baino lehenagotik adierazitako kontrako iritziak entzun. Nonbait,Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok ez dugu sekulan proba hauen kontra ezer adierazi. HEZIBERRIn ere proba hauek agertzen direla eta inork ez dugula ezer esan dio. Lotsa behar da gero horrelakorik esateko. Hasiera hasieratik, LOMCE oraindik aurreproiektu bat besterik ez zenean, kritika nagusienen artean errebalida sistemaren ezarpena egon da. Hain zuzen ere, gure hezkuntza sistemaren kontrolerako tresna delako.

Sortzen elkartetik garbi adierazi dugu dagoeneko, 3. mailako frogei aurre egin behar zaiela. Eta garbi dugu eztabaida ez dagoela pedagogikoki zentzua duten ala ez (ez dutela), adina egokia den ala ez (ez dela), … Ikasleak bereizteko eta  gure hezkuntza kontrolatzeko tresna dira. Gure curriculumaren garapenari ateak ixteko tresna. Proba hauek gure ikasleen etorkizuna eta ikastetxeetako bizitza gehien baldintzatuko duten alderdia dira.

Izan ere, ebaluaketa sistema baten barruan kokatu behar ditugu. Ez dira proba isolatu batzuk. LOMCEk edota HEZIBERRIK ezartzen duten kanpo proben sistemaren barruan kokatzen dira.

Beraien esanetan, hauen helburua eskola porrota ekiditea da. Baina hori ere ez da egia. Benetako helburua oso bestelakoa da: ikasleen bereizketa eta homogenizazioa, ikastetxeen arteko lehia, ikastetxeen autonomia murriztea, gure curriculuma ezabatzea,…

Eta guk beste eskola eredu bat nahi dugu: Ikasleen beharrak aintzat hartuko dituena, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinei garrantzia  emango diona, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzungo duena, ... Ikuspegi pedagogiko batetik, LOMCEk ezartzen duenaren  kontrako norabidea hartu beharko luke gure hezkuntzak.

Baina nahi dugun hezkuntza eraikitzeko eta inposaketei aurre egiteko, guztiok elkarlanean aritu behar gara gure herriak nahi eta behar duen Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko. Eta guztiok esaten dugunean ez gara bakarrik hezkuntza komunitateaz ari. Hezkuntzan denok dugu zer esan eta zer egin. Hezkuntza ez da bakarrik irakasle, guraso eta ikasleei dagokigun gaia. Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe,..). Hezkuntzak lehentasun soziala izan behar duela pentsatzen dugu. Garbi izan dezagun ze nolako herritarrak nahi ditugun: edukiz betetakoak, lehiakorrak eta balorerik gabekoak, edo pertsona kritiko, autonomo, anitzak, ….

Nafarroako eta EAEko administrazioei,  LOMCEren aplikazioa geldi dezaten eta  hezkuntza komunitatearekin  hausnarketa eta eztabaidari atea ireki diezaioten  eskatu nahi diegu, gure errealitatetik eta gure beharretatik euskal hezkuntza sistema propio baten oinarriak eraikitzeko.

Argi dugu inposaketen aurrean errebeldiaz erantzuteko eskubidea eta beharra dugula. Horregatik, herritar guztiei deia egin nahi diegu herri, auzo eta eskoletan burutzen eta  burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko. Gu ere han egongo gara.