Albisteak

GUK GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCEri eta 3. MAILAKO PROBEI EZ!

2015-05-07

Sortzen Elkartean denbora anitz daramagu LOMCEren kontra egin diren ekimenak garatzen eta bestelako hezkuntza eredu bat aldarrikatzen. Horregatik egun hauetan bai Nafarroan eta bai EAEn LOMCEk ezartzen dituen proben kontra mugitu diren gurasoei eta hezkuntza komunitateko kideei gure babes osoa adierazi  nahi diegu.

Beste eragile batzuekin batera eta eskolaz eskola denbora luzea daramagu LOMCE legearen kontrako dinamikan jo eta ke lanean. Izan ere, eta dakizuenez, aurten lege horren ezarpena errealitate bilakatu zaigu Hego Euskal Herriko ikastetxeetan, bi Hezkuntza Sailek neurri ezberdinean bada ere, LOMCE legea aplikatzen ari direlako.

Nahiz eta egun hauetan proba hauei pisua kentzen saiatu, jakin badakigu neurri hauek datozen urteetan, gure ikasleen etorkizuna eta ikastetxeetako bizitza gehien baldintzatuko duen alderdia direla. Izan ere proba hauek, ebaluaketa sistema baten barruan kokatu behar ditugu. Ez dira proba isolatu batzuk, LOMCEk ezartzen duen kanpo proben sistemaren barruan kokatzen dira. Proben sistema hau hezkuntza sistemaren ardatz gisa kokatzen dute, ustez, eskola porrota ekiditeko. Baina proba hauen benetako helburua, oso bestelakoa da. Ikasleengan bereizkeria eta homogeneizazioa sortzea, eskolen arteko konpetentzia bultzatzea eta ikastetxeen autonomia murriztea besterik ez dute lortuko.

Gaurkoan SALATU nahi dugu Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak izaten ari duten jarrera. LOMCEren aplikazioa modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabaltzen aritu direlako. Haien helburua, lege honen kontrako mugimenduak ekiditea baldin bazen, justo kontrakoa lortu dutela esan behar diegu.

Guk gaur, oso argi adierazi nahi dugu 3. mailako proben kontra gaudela. Arrazoi asko ditugu kontra egoteko baina funtsean, LOMCEk edo eta HEZIBERRIk inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausua delako, hezkuntzan eman nahi dituzten beste aldaketa guztien bermea izango diren errebaliden lehen oinarria, hain zuzen ere.

Beste behin ere, hezkuntza komunitatea elkartu eta erantzuten ari da, premiazko aldaketak behar dituen sistema zaharkitu honen burugabekeriaren aurrean. Aldaketa horiek, ikuspegi pedagogiko batetik, LOMCEk ezartzen duenaren kontrako norabidea hartu beharko lukete: Ikasleriaren beharrak errespetatu, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinak haintzat hartu eta hezkuntza komunitatearen ahotsa entzun.

Asko dugu esateko eta eskolan hartzen diren erabakietan parte hartzeko gogoa daukagu. Etorkizuneko eskola ezin da kudeaketa demokratikorik gabe eta hezkuntza komunitate osoaren parte hartzerik gabe ulertu. Parte hartzea eskubide bat da, horixe da egun hauetan gurasoek zein hezkuntzako komunitateko kideek egin dutena, eta horixe da gaur nabarmendu nahi duguna. Era berean, guztion artean nahi eta behar dugun eskola eraikitze bidean lan egiteko, konpromisoa hartzen dugu.

Azkenik ardura dagokion administrazio orori dei egiten diogu LOMCEren aplikazioa geldi dezan, 3. mailako proba hauek bertan behera utz ditzan eta hausnarketa eta eztabaida ireki dezan euskal hezkuntza komunitatearekin, gure errealitatetik eta gure beharretatik eraikitzeko euskal hezkuntza sistema propio baten oinarriak.

Bukatzeko,  larunbat honetan Hezkuntza Plataformen Topaguneak Durangon deitu duen agerraldi masiboarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu. Horregatik gurekin batera hezkuntza komunitateko kide orori dei egin nahi diogu larunbat honetan Durangora gerturatu dadin.

Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki!

LOMCEri ez! Inposaketarik ez!

Guztion artean Euskal Eskola Publiko Berria eraiki dezagun!!

 

GUK GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCEri eta 3. MAILAKO PROBEI EZ!

Bideoak