Albisteak

Karmelo Ikastolan LOMCEri ez!

2015-05-05

Agerraldia burutu dute Bilboko Santutxuko  KARMELO ikastolako gurasoek. 3. mailan ezarri nahi dituzten probei ezezkotasuna agertu diete. Nafarroan egunotan burutzen ari dira proba hauek ikastetxe guztietan Hezkuntza departamentuak hala aginduta.  EAE-n  Proba "pilotoen" aitzaki pean 30 ikastetxeetan burutuko dira probak.

Gure web gunea aldarrikapen hauen plaza da ere. Atzo Nafarroako hainbat ikastetxeetan egindako protesten bozgorailu izan zela ere, gaurkoan KARMELO ikastolako gurasoek irakurritakoa ekartzen dugu hona:

 

Santutxuko 50 familiatik gora, ez dute baimenik eman euren haurrek 3. mailako azterketa egin dezaten

Arratsaldeon eta ongi etorri Santutxura, deialdi honi erantzunez etorri zaretenoi.

Deialdi hau Briñas eskolako eta Karmelo Ikastolako gurasook egin badugu ere, hemen, gure ikastetxeetako zein beste ikastetxe batzuetako, estamentu ezberdinetako kideak elkartu zaizkigu eta baita auzokideak ere.

Hilabete luzeak daramatzagu LOMCE legearen kontrako dinamikan murgilduta. Izan ere eta dakizuenez, aurten lege horren ezarpena errealitate bilakatu zaigu gure ikastetxeetan, Hezkuntza Sailek aplikatu egin dute. Horren adierazpen larriena, oraingoz, Nafarroan adibidez, egiten hasiak diren 3. mailako azterketak dira. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan noiz, zein ikastetxeetan, nola egingo diren oraindik ez dakigu, Eusko Jaurlaritzak informaziorik eman nahi ez duelarik, izkutuan darabilte gaia.

Lehenik eta behin, SALATU egin nahi dugu hemendik sekretismo hori, Jaurlaritzak ikastetxeok ez jakintasunean mantentzeko hartu duen erabaki hori, horrela gure iritziak, erreakzioak baldintzatu nahiko balitu bezela. Kale egin du ahalegin horretan ordea.

Guk gaur, argi adierazi nahi dugu, 3. mailako froga horren kontra gaudela guztiz. Eta kontra gaude, banatu dizkizuegun eskuorrietan ageri diren arrazoi ezberdinengatik, baina funtsean, LOMCEk edo eta HEZIBERRIk inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausua delako, hezkuntzan eman nahi dituzten beste aldaketa guztien bermea izango diren errebaliden lehen oinarria, hain zuzen ere.

Horren aurrean, bai Karmelon eta baita Briñasen ere, 3. mailako gurasook hausnarketa egin dugu eta erabaki, ez dugula nahi, ezta baimentzen ere, gure seme alabei froga hau egin diezaieten. Gure seme alaben heziketak eta etorkizunak kezkatzen gaituelarik, arduraz jokatzea erabaki dugu guraso bezala eta haientzako onena izango dena egitea erabaki dugu.

Hemen, gure ikastetxeetako zuzendaritzetara idazkiak bideratzen hasi garela publiko egitera gatoz, bertan, familia askok, gure haurrei froga hori egin diezaieten BAIMENIK EZ DUGULA EMATEN argi adierazten dugularik. Planto egitea erabaki dugu eta erantzukizunez erabaki ere.

Gaur dei egin nahi diogu hezkuntza komunitatea osatzen dugun estamentu eta eragile orori, planto egin dezan LOMCEren ezarpenaren aurrean eta zehazki, 3 mailako froga honen aurrean.

Herritar orori ekimen hau babestu dezan dei egiten diogu, gure gaurko haurrak baitira etorkizuneko herritarrak, beraz hezkuntza, eskola eta gizarteak partekatzen duen ardura da.

Azkenik ardura dagokion administrazio orori dei egiten diogu LOMCEren aplikazioa geldi dezan, 3. mailako froga hauek bertan behera utz ditzan eta hausnarketa eta eztabaida ireki ditzan euskal hezkuntza komunitatearekin, gure errealitatetik eta gure beharretatik eraikitzeko euskal hezkuntza sistema propio baten oinarriak.

Amaitzeko, bat egiten dugu larunbat honetan Hezkuntza Plataformen Topaguneak Durangon deitu duen agerraldi masiboarekin. Gu ere bertan izango gara azterketa inposatuei gure ezezkoa adierazi eta planto jarrera adierazteko.

LOMCEri ez! Inposaketarik ez!

Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki!