Albisteak

Lomceren kanpo probei ez!

2015-05-04

Gaur, maiatzaren 4an, Nafarroako Gobernua LOMCEk ezartzen dituen 3. mailako probak Nafarroako milaka ikasleei pasatzen hasi da.

Azken asteetan ehundaka familiek haien desadostasuna erakutsi dute proba hauen aurrean, baita LOMCEk ezarten dituen gainentzeko proben aurrean ere. Gainera, gutunak bidali dituzte Ikastetxeetako zuzendaritzetara, haien seme alabek probak egin ez ditzaten eskatuz.

Familiok eta hezkuntza komunitateak orohar, proba hauek alferrikakoak direla uste dugu, ez dutelako ez ikaskuntza maila, ez eta hezkuntza kalitatea neurtzeko balio. Gainera, ebaluaketa jarraiaren prozesuarekin apurtu egiten dutela iritzi dugu. Honekin batera, hezkuntza estrategiak eta metodologiak aldatzeko arriskua dago, esfortzu guztiak azterketa hauek gainditzera bideratuko direlarik. Bestalde, proba mota hauen emaitzak, ikasle eta ikastetxeetan bereizkeria ekarriko duelakoan gaude.

BIDEOA

Hori gutxi balitz, familia hauek, beren azaletan bizi ahal izan dute haien seme­alabek azken hilabeteetan jaso duten presioa. Inolako eragin akademikorik ez duten proba batzuen aurrean ikasleriari espero ez genuen presioa eragin bazaio, zer gertatuko da DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan, ikasten jarraitzeko aukera proba batean jokatuko dutenean? Duela asko ohartarazi genuen ikastetxeak azterketak gainditzeko akademiak bihur zitezkeela. Tamalez arrisku hori errealitate bihurtzeko aukera gertuago dagoela ikusten ari gara.

Aurretik esandakoa kontuan hartuta, arduratuta dauden familia askok, eta hemen ditugu horietako batzuk, egun hauetan beraien seme alabak eskolara ez eramateko erabakia hartu dute, planto egitea erabaki dute. Iritzi dutelako, horrelako azterketa eta probak zentzugabekeria direla; ez dielako inongo mesederik egingo ez haien seme alabei, ez datozen belaunaldie ere.

Izan ere, LOMCEk markatzen duen “oztopo lasterketa” honen aurrean, martxan jarriko duen lehenengo proba honi aurre egitea besterik ez dagoela argi dago.

Gaurtik hasita eta probak egiten diren egunetan zehar hamarnaka ikastetxeetan kontzentrazioak egingo dira​, familiei elkartasuna erakusteko eta LOMCEren aplikazioaren kontra. Bestalde, ikastetxeak beltzez tintatuko dira Hezkuntza Departamentuaren jarrera salatzeko.

Beste behin ere, hezkuntza komunitatea elkartu eta erantzuten ari da, premiazko aldaketak ​behar dituen sistema zaharkitu honen burugabekeriaren aurrean. Aldaketa horiek, ikuspegi pedagogiko batetik, LOMCEk ezartzen duenaren kontrako norabidea hartu beharko lukete: Ikasleriaren beharrak errespetatu, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinak haintzat hartu eta hezkuntza komunitatearen ahotsa entzun.

Gaurkoan, azken asteetan izandako mobilizazio hauen guztien aurrean Hezkuntza Departamentuak erakutsi duen jarrera, irmoki salatu nahi dugu​. Bere aldetik ezetza eta inposaketa ​besterik ez dugu jaso: proba hauek bertan behera uzteari eta ebaluazioaren inguruko eztabaida bat irekitzeari ezetz esan diote; proba hauen emaitzak ikaslearen txosten edo espedientean ez agertzeko eta proba hauek anonimo izateko eskaerei ere ezetza eman diote. Proba hauek 3. mailako ikasle guztiak egitera derrigortuak daudela esan digute, eta, hauen hitzetan, arlo honetan gurasoek ez dute inolako eragozpenik jartzeko eskubiderik.

Probak sistemaren homogeneitatea kontrolatzeko beharrezkoak direla defendatzen dute. Eta hori da lege honek bilatzen duena: Ikasleria homogeneizatu, eta ez hezkuntza sistemaren kalitatea hobetu.

Bukatzeko, hezkuntza komunitate osoari deialdia luzatu nahi diogu, “LOMCEri EZ! MENOS PRUEBAS MÁS EDUCACIÓN. INPOSAKETARIK EZ!” lelopean gaur arratsaldeko 6etan Hezkuntza Departamentuaren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko, baita datozen egunotan ikastetxeetan egingo diren mobilizazioetan ere.