Albisteak

Euskara Herria Josten, asteburu bateko kronika

2015-03-16

Faltzes, Lizarra, Bilatorta

Ostirala, martxoak 13, arratsaldeko 9:30ak oraindik jo gabe. Faltzeseko “Pedro Iturralde Gizarte Etxearen” kanpoaldean, “Euskara Herria Josten” lemadun kartel koloretsu handi batek harreta deitzen zuen bertara hurbiltzen hasiak zirenen artean. Barruan, Sortzen Elkarteak, bertako herritarren laguntzarekin, apirilaren 19rako prestatutako Jaiaren aurkezpena noiz hasiko zai.

Artaxoa, Larraga, Mendigorria, Bilatorta eta Oibar ostean, aurten Faltzesen ospatuko da, apirilaren 19an, “Euskara Herria Josten” jaialdia, egun osoko egitarauarekin, famili giroan, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea Nafarroa osoan dugula aldarrikatzeko.

Faltzeseko Gotzonek eman zigun ongietorria eta eskerrak hurbildu ziren lagun guztiei: udaleko ordezkariak, dendarien elkartekoak, kultur taldekoak, gazte peñetakoak, … , eta ondoren herriko abesbatzak Mikel Laboaren “Kantuz” abestiarekin ekitaldiari hasiera polita eman zion.

Jarraian Sortzeneko Nafarroako kordinatzailea den Gari Torregrosa eta Sergio Iribarrenek, Euskara arduraduna Nafarroan, elkarteak burutzen duen lana, dituen helburuak, eta Jaialdi honen ibilbidea, zergatia eta helburuak argitu zizkiguten. Hamarratz, Euskara Herria Josten, aurtengo kartela, ... Aurtengoa, gainera, berezia da, orain dela hilabete eskas bat, Vascuencearen Legearen aldaketa aurrera atera baitzen Nafarroako Parlamentuan, eta printzipioz, datorren urtetik aurrera, D eredua aukeratu ahalko da lurralde osoan. Dena den, zonifikazioak indarrean jarraituko du, eta Hezkuntza Departamenduak D ereduko lerroak irekitzeko ala ez, giltza izango du, eta guztiok dakigun bezala, gaurko Departamenduak, euskarari, oztopoak baino ez dizkio jartzen.

Jarraian, Faltzeseko bizilaguna den, eta Jaiaren antolakuntzan dabilen, Ekaitz Gonzalezek azaldu zizkigun egunaren gorabeherak: egongo diren zonaldeak, haurrentzako ekitaldiak, herri bazkaria, eskertza ekitaldia, kalejira alaitsua, … Parte hartzeko gonbitea eta txalo bero bat !

Bukatzeko, herriko abesbatzak “Maitia nun zira” eskaini zigun, beste klasiko bat. Famili argazkia egin, eta denak Aco-potera!. Apirilaren 19an Faltzesen itxoiten zaituztegu!

Faltzesetik, jauzi batean, Lizarrara

Eta Faltzesetik, jauzi batean, igandean, Lizarrara heldu ginen, Vascuencearen Legeak ezartzen dituen zonifikazioaren mugaren zentzugabekeria salatzeko. Lizarratik, “eremu mistotik”, Bilatortara, “eremu ez euskaldunera”. Haurrak, gurasoak, gazteak eta aiton amonak bildu ginen Ega ibaiko ertzean, Hilobi Sainduaren ondoko zubitxoan. Giro freskoa, baina euririk ez, denak pozik. Bilatortakoak heldu bezain pronto (eta Noaingoak,Abartzuzakoak, Uhartekoak, Barañaingoak, eta Lizarrakoak, noski), famili argazkia atera, eta ekin genion bideari.

Bi herrien arteko mugan, “Euskararen muga fiktizioa” zioen pareta batek ezin izan zuen martxisten gogoa gelditu, eraitsi genuen muga!. Laster batean Bilatortako frontoian geunden, Hamarratz, artelana-auzolana, josten. Solomo bokaten laguntzaz, indarrak berreskuratzen. Giro polita, auzolana, euskaldunon arteko babes sarea josten, Faltzesetik, Lizarrara, eta Lizarratik Bilatortara, Euskara Herria Josten, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidearen alde:

Hurrengo zita arte. Apirilaren 19an denok Faltzesera !