Albisteak

28 urtez “Vascuence legearen” harresiaren beste aldean: Nafarroan aldaketa garaia da!

2014-12-07

Datorren abenduaren 15ean "Vascuencearen Legea" onartu zutenaren 28. urteurrena dela eta, Sortzen Elkartetik zabaldu dugun oharra argitara ekartzen dugu. Baita, honekin lotua, asteburu honetarako dauden bi hitzorduetarako deialdiak ere.

 

 

Alde batetik abenduaren 13an Iruñean, "Nafarroan Herriak erabaki", eta bestetik, 14an Tafallan "Berlingo Harresia nola, Vascuencearen Legea hala!", dauden hitzorduetara joateko deialdia zabaldu nahi dizuegu ere.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

28 urtez “Vascuence legearen” harresiaren beste aldean .

Itsasoari ateak jartzearekin tematuta jarraitzen duen jendea dago, edo kasu honetan, euskararen aurrean harresiak altxatzera. Kurtso honen hasieran, Sopuertako gurasoak gose greba bat egin zuten haien seme-alabek euskaraz ikasteko aukera izan zezaten, haien herrian. Helburu berdinekin, 2014-2015 kurtso hasieratik, Ziburuko Ikastolan sorgailu elektrikoak eta kandelak jartzen ari dituzte euskararen herriari argia ematen jarraitzeko. Eta ikasturte honetan ere, Nafarroako zonalde ertain eta Erriberako milaka ikasleek, administrazioko ikastetxeetan D eredua ezin aukeratu jarraitzen dute, inongo laguntzarik gabe jaso gabe. Hurbilen duten ikastolara edo, izendatutako “zonalde mistotik” hurbil bizi badira, hurbilen duten D ereduko ikastetxera joan behar izaten dira.

XXI. mendean bete betean gaudelarik, Euskararen Herrian, arazo berdinaren errealitate ezberdinak bizi eta pairatzen jarraitzen ditugu: Euskal Herriko luze eta zabalean euskara bizi eta ikasteko ezintasuna. Eta Sortzenetik honako galderak luzatu nahi ditugu: hemen euskara, lingua navarrorum, nafar guztion hizkuntza, bultzatzen ez bada, non espero du Administrazioak eginen dela? edo ulertu behar dugu, hemengoa, berezkoa den hizkuntzan, euskara komunikazio-hizkuntza izanen duen eredua garatzeko benetako borondaterik ez dagoela? Tamalez, ekintza guztiek borondate eza hori agerian uzten dute. Inork baino gehiago nahiko genuke arduratsua den Administrazioarekin bat egin, bere ondarearen babeslea eta etorkizuneko belaunaldi berriengatik ardura erakutsiko lukeena eta bidea elkarrekin eraiki.

Baina ibaiak bere bide naturalera itzuli nahi du. Nafarroaren kasuan, “Vascuence Legearen” sinaduraren 28. urteurrenaren bezperan, egoera eutsiezina bihurtzen ari da. Urte hauetan guztietan, Nafarroako zonalde diskriminatu horretan, egindako aldarrikapen eta euskararen aldeko dinamiken ondorioz, lotsaren harresi honetan pitzadura bat zabaldu da. Pitzadura honetatik argia sartu eta euskara jariatzen da. Euskara, hizkuntza bizia, ibai zakarra, Nafarroako basamortuko lurrazalak ureztatzeko desioz dagoena, 28 urtetako administrazio lehortearen ondorioz. Basamortu honetan, zonaldeko ikastola desberdinen lan handiari esker sortutako oasiak dauzkagu; bere garaian, etorkizun batean, oasia landare mugagabe bihurtu dadin helburuarekin altxatu izan zirenak. Geroz eta hurbilago dugun etorkizuna.

Herriz herri, bailaraz bailara, euskararen aldeko oihartzuna geroz eta ozenago entzuten da. Datorren abenduaren 14an gu ere Tafallan izanen gara “Euskaraz bizi eta ikasi” nahi duten herritarrekin batera. Egun horretan, sinbolikoki bada ere, “Vascuencearen legeak” ezartzen duen harresia botako dugu. Ekimen hori, iristear dagoen zerbaiten entsegua ere izanen da. Harresi altuagoak ere erori dira!

Sortzen Elkartea

2014ko abendua

Eman zure iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Eremuak guztiak beharrezkoak dira.

Egin zure iruzkina

Captcha image

Jaso diren iruzkinak