Albisteak

Angela Morenok “euskara herria josten” lemapean eginiko sormen lana

2013-03-19

Sortzen Ikasbatuaz elkartea, azken urteetan, Nafarroako zonalde ez euskaldunean euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde dinamika iraunkor bat garatzen saiatu da. 

 Aurtengoan dinamika honi herri mailako dimentsioa eman, eta hau indartzen saiatu behar genuela baloratu genuen. Euskal Herria mailan, euskaraz bizi eta ikasteko dauzkagun oztopo ezberdinei herri bezala erantzun, eta herri eta auzo guztietan euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko aldarrian sakondu beharra ikusi genuen.

Indartu nahi dugun aldarri hori ongi biltzen duela iruditzen zaigun lelo nagusi bat hautatu genuen ondoren: EUSKARA HERRIA JOSTEN hain zuzen ere.

Eta lelo hori eskuartean hartuta, hurbildu ginen Angela Moreno artegilearengana, sormen lan bat eskatzera.

Gaur aurkezten dugun sormen lana da eskaera honen ondorioa, eta zein egilea baino egokiagoa, bere aurkezpen azalpen osoa egiteko.

Angela Moreno Merinok bere sormen-lanaren nondik norakoak
azalduko ditu.

 

Zer nolako garapena eman nahi diogu sormen lanari:

Herri dinamika baten erakusgarri izan nahi duen sormen-lan bat da gaur aurkezten dugun hau, zonifikazioaren kontra eta euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarriaren irudietako bat. Eta irudietako bat esaten dugu, berauk irudi berri gehiago sortu eta garatzeko deia egiten duelako, ideia eta pentsamendu guzti horiek batzen lortuko dugulako EUSKARA HERRIA JOSTEA…Horixe da erronka…

Bide honetan kokatu nahi dugu Villatuertan bertan garatzen hasiko den dinamika berria, non nahi duen orok zati berri bat itsasteko aukera izango duen EUSKARA HERRIA JOSTEN ekimenari. Honen inguruko argipen gehiago, aurrerago egingo dugun aurkezpen batean emango ditugu.

Apirilaren 21ean Villatuertara joateko deialdia:

 Ezin genuen gaurko aukera galdu eta Apirilaren 21ean Villatuertara joateko deialdia luzatu nahi diogu euskararen herri osoari.

Uharten 2013ko martxoaren 1ean